AMODIOA ITSUA DA
"Amodioa itsua da". Poeta eta idazle pedante batzuek manipulaturiko perpaus tipiko eta klitxe gastatu horietako bat baino zerbait gehiago iruditzen zait. Gure herriko Maisu Zaharrak esaldi biribil-biribila, eder-ederra, erabiltzen zuen izenburuko horri indar emateko: "Participa de la naturaleza de la verdad".Hori bota eta berriro euskaraz jarraitzen zuen: "Amodioa itsua dun, itsua ezezik txoroa ere bai" esaten zigun Ibiagako Matilde eta biori, senargaia egin genuela jakin zuenean, nirekin bai baina Matilderekin erabat etsi gabe baitzegoen artean, eta, mundu guztitik!, Zaragozara bidali nahi zuen, mediku ikastera. "Aurrena oinez ikasi eta gero gerokoak!".
- Hori ez dun hiretzat egiten dena, Matilde! -erasotzen zion-. Badakin zuen aitak zer enkargu utzi zidan heriotzako orduan: ardura nendila haren alaba mediku izan zedin. Eta ez, hura bezala, laborari-herri kaxkar bateko mediku, nahiz eta Ibiaga bezalako etxe dotorean bizi, klinika handi batean buruko neurona artean bisturia sartzeak ikaratuko ez duen zirujano ospetsua baizik.
Matildek ez-aditua egiten zion. Askoz ere gehiago tirriatzen zuen Ernestorekin orduak galtzeak eta haren bular gainean burua pausaturik pelikulak ikusteak. Bestalde, BRAUN multinazionalean bulegari izateko zeukan parada ez zuen galdu nahi. Biak batuta, Maisu Zaharraren proposamena baino erakargarriago zitzaizkion. Total: pisua bazeukan, senargaia eta lana ere bai. Zertan aritu behar zuen estudiatu eta estudiatu zipitzik ere interesatzen ez zitzaizkion buru, berna edo ipurdiak ikusteko prestatzen, Ernestorenak segitutik han edukita?
- Seinoritoegia dun hori, Matilde. Baina txarrerako. Ibilkera fina eta horrena ez dituk gauza bera; ezta horren hizketa leuna eta edukazioa ere. Fineziak berezkoa izan behar din, imentziorik gabea, eta Ernestorena imintzio hutsezkoa dun. Ez dun bergauza finegiz lanik egiten ez duena eta lan egin arren finari berdin-berdin eusten dakiena. Jakeka eta goragaleak dexente pena lezaketen horietakoa ematen din Ernestok. Ez hadi harritu lanetik etxeratzen haizenen batean ohean aurkitzen badun.
- Maisu jauna, ez nizuke hitzik ere egin behar. Baina gure aita zenak zizun begirune handiarengatik, eta ez beste deusengatik, erantzun egingo dizut. Oso agindu sinplea, eta betetzeko erraza, izango da: astin itzazu etxeko hautsak eta kanpokoei laga bakean, apika hauts tartean bizitzeko sortua naiz eta. Gainera, ez zenuke ahaztu behar, edo ahaztu itxura egin behar, etxean ere baduzula galtzak bete lan. Ez ahal zatzaizkit haserretuko semea eta erraina zer moduz diren galdetzen badizut! Handia gertatu zaizu seme kuttunarentzat, hain kontu handiz, zerorrek hautaturiko dama txit galanta izateko.
Horrek lotsa pixka bat eman zion. Mina ere bai, hainbeste ahalegin egin ondoren, ezin ebitatu izan baitzuen semearen dibortzioa. Orduan, malkoa begian, Maisu Zaharra oso sentibera baitzen, etsipenez, hauxe esateko adina indar juxtu-juxtu eman zion bihotzak:
- Lagundu egin nahi nizun.
Matilderi ere pena eman zion Maisu Zaharraren zotinak, eta kontsolatu egin nahi izan zuen. Semearen kasuaz mintzatu eta bizitza horrelakoxea zela esan beharrean, ordea, bere etorkizunaz hitz egin zion:
Badakit "feminismoa" eta gisako hitzei gorroto diezuna. Ni ez nauzu feminista. Ez. Baina etxetik hasiko da nire iraultza. Ernesto izango da Euskal Herriko lehenengo etxekogizon. Oso gogokoak ditu etxeko lanak, batik bat sukaldekoak. Ikusi egin behar da bakailaoa nola prestatzen duen, hiruzpalau eratara, soziedadean! Ikusi, labean arkumea nola erretzen duen!, soziedadean. Hori entsaladak prestatzen ditu!
- Soziedadean! -erantsi zion Maisu Zaharrak, ordurako apur bat bere onera etorririk, edo aterata.
Ez-aditua egin zion berriro ere Matildek eta bereari eutsi nahi zion ametsaren zurrunbiloan.
Bere buruari paradisua eta gizarte osoari exenplu paregabea eskaini nahi zizkien Matildek. Etxetik bertatik hasitako iraultza azken finean, benetako iraultza eta bakarra.
Baina BRAUNeko irabaziekin ez zegoen egunero labean arkumea jartzerik, eta ez dakigu Ernestok makarroiak prestatzen bazekien. Matilderi ahaztu egin zitzaion, jakinaren gainean edo oharkabean, Ernestoren bertigoarena; ez dakigu leihora arrimatzeko nola ibiliko zen. Behin harategian Matilderi berari entzunda, artean, prezixo, Ernestorekin bizitzen denbora asko ez zeramala, ohea egunero egitea txorakeria zela kontari zebilela jakin zuen Maisu Zaharrak, lagun baten bidez.
Gero, beste behin: "plantxan ez du hain ondo asmatzen, baina..." esan zuen Matildek Maisu Zaharraren aurrean, apur bat gorrituz. Labadoran zein arropa zeinekin sartu, goizean lanera joaterako separatuta uzten ziola jakin genuen geroago. Gizonari kafesnea ohera eraman behar izaten ziola ere kontatu zuen norbaitek. Ernestorentzat lan gehiegi, nonbait, eta ontzigarbitzekoa plazotan erosi zutela neroni esana da.
Gero lan bila pasatzen zuen Ernestok egun osoa. Depresioak jota zegoen, bajualdia zuen, gizarajoak! Medikuak bizimodua aldatzeko esan zion. Lanik berririk aurkitzen ez bazuen ere, lehengoari uzteko behintzat. Matilderen iraultza-irrika, zalantzarik gabe, gero eta handiagoa izango zen.
Rufino Iraola
HABE aldizkaria 306. alea