HITZ EGIN DEZAGUN EGURALDIAZ!

Atal honetan eguraldia adierazteko erabili ohi diren forma eta esapideak aztertuko ditugu. Lehenengo eta behin, aipatu behar da euskaraz, gaztelaniaz ez bezala, denbora kronologikoa (denbora) eta atmosferikoa (eguraldia) hitz desberdinez adierazten direla.

Eguraldia adierazteko dauden formen artean EGIN aditzaren bidez osatutakoa erabilienetarikoa da. Hona hemen fenomeno atmosferikorik ohikoenak:

Euria egin
Elurra egin
Txingorra egin
Kazkabarra egin
Zirimiria egin
Haizea egin
Hotz egin
Bero egin
Fresko egin
Sargori egin
Izotza egin
Jela egin

Oro har eta salbuespenak salbuespen (Adib.: sargori), eguraldia adierazteko erabiltzen diren aditz-lokuzioetan, fenomeno atmosferikoa adierazten duen hitza izena denean (euria, elurra, izotza…), badirudi artikuluarekin (-A) erabili ohi dela; aditzondoa denean (bero, hotz…), ordea normalean ez du artikulurik hartzen. Adibidez:

Bihar euria egingo du
Une honetan zirimiria egiten du
Bihar hotz egingo du

Ezezko perpausetan –(r)ik (partitiboa) erabili ohi da. Adibidez:

Uda osoan ez du euririk egin
Ez du batere hotzik egiten, ezta?

Nola esaten da euskaraz "está lloviendo"?

Ikus ditzagun adibide batzuk:

Hartu euritakoa, euria ari du eta
Bart izotza aritu du (egin du)
Euria gogotik bota du
Geroxeago joango gara, orain euria da eta
Euria dakarrela ematen du
Arropa sartzen lagundu, euria hasi du eta
Atertu egin du, goazen etxera
Atertzen ari du. Laster irtengo da eguzkia

 

URTZI, ORTZI, OSTE

Aurreko esaldietan guztiz logikoak ez diruditen zenbait esapide berezi ikusi ditugu. Izan ere, ez dirudi oso logikoa "euria ari da, euria dator, euria hasi da…formen ordez, euria ari du, euria dakar, euria hasi du…eta antzeko formak erabiltzeak. Nondik sortu dira esapide berezi hauek?

Esapide hauen azpian munduaren kontzepzio animista oso bat dago, gaur egungo ikusmoldeetatik erabat desberdina dena. Euskaldunontzat, antzina, natura izaki bizia zen, eta gauzak ez ziren berez gertatzen. Naturaren gertaera bakoitzaren atzean indar berezi bat ikusten zen, jainkoa dei genezakeen izaki antzeko zerbait. Mundua ikusteko modu hau antzekoa izan da kultura gehienetan.

Munduaren ikusmolde honen argitan, euria ez da berez jausten, norbaitek botatzen du euria (bota); ekaitza ez dator, norbaitek ekartzen du (ekarri); elurra ez da erortzen, norbaitek egiten du (egin); eta abar. Hau dela eta NOR motako adizkien ordez, NORK motakoak erabiltzen dira. Adibidez: euria ari du, euria hasi du, atertu du, euria dakar…

Fenomeno atmosferiko hauen guztien atzean indar edo izaki eragile bat dago euskaldunontzat: URTZI (ORTZE,OSTE), zeruetako eta trumoiaren jainkoa, zeruko argiaren pertsonifikazioa. Hortik eratortzen dira honako hitzok, besteak beste:

Ostadar (Osteren adarra :arco iris)
Oskarbi (Oste garbia: cielo raso)
Oskorri (Oste gorri: aurora, crepúsculo, cielo rojo)
Ostarte (argiunea zeruan: claro entre nubes)
Ostertz (horizontea)
Ostegun (Oste edo Ortziren eguna)
Ostiral
Ostots (trumoia)

Natura eta ikuspegi animista hau, fenomeno atmosferikoez gain, beste zenbait kasutan ere isladatzen da:

Loak hartu nau
Etxea suak hartu du
Beroak nago
Hotzak nago
Mikel ibaiak hil zuen
Egun on! Halan ekarri!