LAGUNTZA GEHIAGO |
ARIKETAK |
UNITATEAK |
Aurkaritzako lokailuek lehenago esandakoaren kontrako zerbait adierazten dute. Honako hauek dira aipagarrienak:
Baina juntagailuaren baliokide hurbila, ordea edo ordean (lapurteraz) lokailuak bi perpausen arteko aurkaritza aditzera ematen du, biak elkarren kontrakotzat aurkeztuz.
Kokagunea dela eta, ordea-k normalean bigarren perpausaren harnean hartzen du toki. Baina, lokailu honek nonnahi kokatzeko duen askatasuna ageri-agerikoa da. Adibidez:
Kotxe gorria nahi zuela eta, gorria erosi behar derrigorrez. | |
Nik, ordea, nahiago nuen beltza. | |
(...). Nik nahiago nuen, ordea, beltza. | |
(...). Nik nahiago nuen gorria, ordea. |
Zenbait idazlek esaldiaren aurrean ipintzeko joera dute. Adibidez:
«Ordea, artean jaioberria izan, eta ezinezkoa egin zitzaidan maldizio zatar bat aurkitzea.» (B. Atxaga, «Behi euskaldun baten memoriak», 40). |
Berriz eta ordea, biak aurkaritza adierazteko lokailuak ditugu. Beraz, ostera, aldiz eta aitzitik-en pareko dira. Baina ba omen da ordea eta berriz-en artean alderik:
Ordea-k nonbait aurreko perpausak baieztatua etabatu edo ukatu egiten du. Zuzenketa bat izango litzateke, beharbada.
Berriz, aldiz, aurreko perpausean aipatutakoari zerozer berri eransteko erabiltzen omen da. Adibidez:
Gu mendira joan gara. | |
Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, ordea, ezer esan. | |
*Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, berriz, ezer esan. (EGLU-III, 99). |
Berriz lokailua, bigarren perpausean tartekatzen da. Dena den, lokailu honek galdegai den
sintagmaren eta aditzaren artean ez du joaterik. Adibidez:
Liburu honek azala gorria du. Beste honek beltza, berriz, du. |
Berriz-ek badu, nolanahi ere, emendiozko kutsurik. Hortaz, ez da harritzekoa eta juntagailuarekin eta gainera edo bestaldetik lokailuekin batera agertzea. Adibidez:
Gu pobre eta hi, berriz, beti aberats. |
Aurkaritzako lokailu hau berriz, aldiz eta antzekoen baliokide da. Horiek hezala, aurreko perpausean esandakoari kontrajarriz, perpausaren barnean kokatuko da. Mintzagai izan daitekeen osagai baten ondoan, hain zuzen. Adibidez:
Gu pobre eta hi, ostera, beti aberats. |
Harridurari indarra emateko inoiz ostera erabili izan da, perpausaren amaieran. Adibidez:
Bere ustez eta hobe beharrez, landare aldatu berriak kimatzen hasi zen. Hau bakarrik balitz ostera! |
Ostera mendebaldeko euskalkietakoa, bizkaierakoa bereziki, den bezalaxe, aldiz, berriz, ekialdeko euskalkietakoa dugu batipat. Aurkaritza sailekoa izaki, kontrastea adierazten du aldiz lokailuak. Kokaguneari dagokionez, aurretik aipatutakoen antzera, bigarren perpausaren osagai baten ondoan tartekatzen da. Adibidez:
Errepideetan bada makina bat auto-istripu. Bigarren mailakoetan, aldiz, hainbestean. |
Perpausaren hasieran ere ageri da inoiz.Adibidez:
Gu beti lanpeturik, burua jaso ezinik. Aldiz, zuek denbora zertan eman asmatu gabe. |
Esan denaren kontrakoa adierazteko erabiltzen da. Baina beste aurkaritza-lokailuek ez bezala, badu bestelako erabilerarik: lehendabiziko perpausa, ezezka joan eta aitzitik bigarren perpausaren hasieran kokatuz gero, kontrakotasuna markatu egingo du eta batzuetan Baizik (eta) juntagailuaren pareko bihurtuko. Adibidez:
Zaharra zuhurra da; gaztea, aitzitik, kaskarina. | |
Ez egin okerrik; aitzitik, bete ezazu esana. |
Perpausaren barruan tartekaturik doanean, baina, berriz edo kideko hitzen baten ondoan ere ager daiteke. Adibidez:
Ez zela espero zuen bezain ederra, baina, aitzitik, nekez ikus daitekeela itsusiagorik (HLEH, 77). |
Ekialdeko euskalkietan erabiltzen den lokailu honek balio bikotza erakusten du:
Aurkaritzakoa: gehienetan aurkaritza adierazten du. Harridura perpausetan ere erabiltzen da maiz alta lokailua indar berezia emanez. Sarritan bada-ren laguntza izaten du, esangura aldatu gabe. Adibidez:
Beste solasik nuen alta egungotzat gogoan. | |
Jatekorik ez dugu; alta bada gose gaituzu. (HLEH, 92). |
Esplikatiboa: balio esplikatiboa hartzen duenean, izan ere, bada eta antzekoen pareko bihurtzen da.
Alta-k bezalaxe lokailu honek balio bikotza du.
Aurkaritza-adierazle bezala. Adibidez:
Nik lagunduko dizut. Badituzu, alabaina, ni baino iaioagoak diru-kontutan. |
Perpausaren hasieran kokatzen da maizenik alabaina. Tartean ere, tarteka. Halere-ren inguru beretsuetan.
Lapurteraz eta behenafarreraz balio esplikatiboaz erabiltzen da. Adibidez:
Garaia etorritakoan etxeko gozora itzuli zen. Hura sorlekua zuen, alabaina. |
DENA DELA, DENA DEN
Dena dela euskararen eremu osoan erabiltzen da eta dena den ekialdeko euskalkietan baizik ez. Lokailu hauen jatorria nahikoa garbi dagoela dirudi eta datorrena datorren, datorrena datorrela, dakiena dakien, dakiena dakiela eta abarren parekoak direla ere begibistakoa da.
Hala ere, dena den eta dena dela lokailu bihurtu dira eta aurkaritza-lokailu gainera (zenbaitetan kontzesio-kutsurik ere atzematen zaio).
Lokailu hauek bigarren perpausaren hasieran erabiltzen dira maizenik, nahiz eta ez izan debekurik tartean nahiz bukaeran joateko. Adibidez:
Haurrak aitortu beharreko guztiak aitortu zituen. Dena dela, gurasoak ez ziren lasai geratu. |
Baina juntagailuarekin batera joateko eragozpenik ez du. Baina eta nahiz edo-rekin azalduz gero, ez da perpausen arteko kontrasterik zuzenean gertatzen, emendioa edo hautaritza baizik, dena dela-k kontzesio kutsua eransten duelarik. Adibidez:
Ez dut idazteko gogorik eta gainera, dena dela (gogorik izanda ere), ezin publika nezake aldizkari horretan. | |
Hizkuntzak ez daude horren eri edo, dena dela (horrela izanda ere), ez dira irlandarrarenak euskarara hedatu behar. |
HALA ERE, HALA ETA GUZTIZ ERE
Hona hemen aurkaritza-kutsuko lokailu hauen zenbait aldakin:
Euskararen eremu osoan hala ere eta halere multzoa da hedatuena.
Halarik (ere) multzokoak iparraldeko tradizioari eta beste euskalkietako erabilera jasoari dagozkio.
Hala (eta) (guzti(z)) (ere) multzokoak, berriz, bizkaierazko tradizioari dagozkio batipat.
Halaz (guzti(a)z) (ere) multzokoak gipuzkerazko tradiziokoak dira gehienbat.
Bestelakoak: halarik, halaz guzi arren ere...
Noiz zetorren bagenekien, halere ez ginen ongietorria ematera joan. |
Eta juntagailuarekin batera.
Indar guztiak eskuetan izaki, eta halere jendearen beldur. |
Baina juntagailuarekin.
Ahaleginak egin zituen, baina, hala eta guztiz ere, ezin makurtu. |
Ez, ezin, eskerrak eta horrelakoekin. Adibidez:
Haurra goiz etorri zen. Ez, halare, amak nahi bezain goiz. | |
Eskerrak, halare garaiz ohartu ziren. | |
Banketxeak zorrak ordaintzeko esan dio. Ezin, halare, daukan hutsa baino gehiago itzuli. |
Halare eta halarik ere lokailuak menpeko perpaus kontzesiboaren ondoren datorren perpaus nagusian txertatuz gero, horri indar gehiago ematen diote. Adibidez:
Nahiz artean zahartuta zegoen, halarik ere, jarriki zitzaion lasterka. |
Kontzesio-kutsua emanez. Adibidez:
Aitak semeari dirua ematen dio. Ez askotan, halare. |
Harridura kutsua indartuz, eskerrak-en pareko. Adibidez:
Halere! Behingoz garaiz etxeratu zara. |
Gainera eta behintzat-en kide. Ikus sail horretako adibideak.
HAATIK / HARGATIK, HORRATIK / HORREGATIK
hargatik eta horregatik.
Kasu motibatiboari dagozkion balioak dituzte berez, baina aurkaritza-lokailu ere izan daitezke. Adibidez:
Ez da hemen jaioa; badu hargatik zer ikusi berezirik auzokoekin. |
Baina juntagailuarekin batera (ordea eta ere-ren laguntza ere hartzen dute sarritan). Adibidez:
Gobernuak utzia du politika hori; baina politika horren ondareak ez dira horregatik ahitu. (HLEH: 521). |
Horregatik-ek badu bestelako esanahirik: esan den zerbait biribiltzeko esapide gisa erabiltzen denean. Adibidez:
Galdera xelebreak egiten dizkidazu horregatik. Gogorra zara horregatik. |
Azkenik esan behar lokailu hauek ez direla berdin erabiltzen euskalki guztietan:
hargatik ekialdeko euskalkietan izan daiteke lokailu eta horregatik, berriz, mendebaldekoetan. Horregatik-en bizkaierazko aldakina horrega(i)ti(n)o da.
haatik eta horratik.
Bi hauek hargatik eta horregatik ez bezala lokailu dira beti. Adibidez:
Abiatu baino lehen, horratik, gaiari zuzen-zuzen dagokion oharren bat edo beste egin heharrean naiz. | |
Zalapartaka azaldu dira sindikatukoak; ez dira, haatik, lotsagabekeriatan hasi. |
Kokaguneari dagokionez, bigarren perpausaren hasieran bezala barruan ere joan daitezke. Bukaeran, ordea, nekezago.
Ba(da) arren esapidearen laburdura hau zenbaitetan aurkaritza-lokailutzat har daiteke. Adibidez:
lsil zaitez, mesedez! / Isilik nago, harren! |
Bigarren perpausaren amaiera du beti kokagune. Perpausaren azken muturrean joan ohi den baina juntagailuaren ordezkoa dela dirudi. Adibidez:
Isil zaitez, mesedez! / Isilik nago, baina! |
AURKARITZA ADIERAZTEN DUTEN ESAPIDEAK
Hona hemen aurkaritza adierazteko erabil daitezkeen zenbait lokuzio edo esapide. Adibidez:
Zernahi gisaz, nolanahi ere, edozelan ere, edozein modutan ere, edozein moduz ere, guztiarekin ere... |
Katea mintzatuan edo idatzian perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira sarritan, lokailuen antzera.