www.santurtzieus.com

EMENDIOZKO LOKAILUAK

LAGUNTZA GEHIAGO

ARIKETAK

UNITATEAK

 

Emendiozko lokailuek informazioa gainaratzen dute diskurtsoan. Honako hauek dira aipagarrienak:

ere

gainera

bestalde / bertzalde

halaber (orobat, berebat)

behintzat

bederen, bederik, behinik behin

 

ERE (*)

 

1. X ere (X hori edozein osagarri izan daitekeelarik, aditza ere barne).

Gu ere bagoaz. / Ikusi ere, ikusia dugu.

2. ... eta X ere (bai).

Josu gaur joango omen da eta Leire ere (bai).

3. ... eta X ere (ez).

Josu ez da joango gaur eta Leire ere ez.

4. ... eta bai X ere.

Josu gaur joango omen da eta bai Leire ere.

5. ... eta ez X ere.

Josu ez da joango gaur eta ez Leire ere.

6. ..., bai eta X ere.

Mikel atzo etorri zen, bai eta Itziar ere.

7. ..., ez eta X ere.

Mikel ez zen etorri atzo, ez eta Itziar ere.

8. ..., baita X ere.

Egunon!

Baita zuri ere.

9. ..., ezta X ere.

Ezta ametsetan ere.

(Honainoko eskema honi euskaldun guztiek segitzen diotela esan daiteke).

 

10. ..., eta bai ere X (ekialdean).

Josu gaur joango da, eta baita ere Leire.

11. ..., eta ez ere X (ekialdean).

Josu ez da joango gaur, eta ez ere Leire.

12. ...baita ere X (mendebaldean).

Josu gaur joango da, baita ere Leire.

13. ...ezta ere X (mendebaldean).

Josu ez da joango gaur, ezta ere Leire.

Erabilera okerrak:

14. ...*X baita ere.

15. ...*X ezta ere.

16. *ere X.

17. *eta ere X 

Desertuak, mendiak, ohianak eta ere lurrak.

*Nor geldituko da hemen afaltzen? Jon. Eta ere ni.

18. *X ere baita.

19. *X ere ezta.

20. *ere bai X.

21. *ere ez X.

 

Ikus, Altuna, P. «Juntagailu kopulatiboak», FLV I, 1986: 47-97.

«Lokailu honek ezin dio inola ere hasierarik eman perpausari, izen sintagma, aditz edo adizlagunen baten laguntzan erabiltzen dugulako, beti zerbaiten ondoan eta ondoren. Zoritxarrez, egun hedatzen ari diren eta hain sarriegi entzuten diren perpaus hasierako *Ere bai..., *Be bai..., *Eta ere bai...bezalako esaldiak guztiz arrotzak ditugu euskaraz, euskara ezagutzen dugun neurrian behintzat.»

(EGLU-III, 36. or.)

gora

 

GAINERA

 

Gainera lokailua dagokion perpausak aditzera ematen duena aurreko perpausean emandako informazioari gaineratzen zaionean erabiliko dugu. Aurretik esandakoaren ondoan, hiztunak aipatutakoaren bermagarri edo indargarri erabiltzen dugu, balio argumentatiboa baitu. Adibidez:

Ez dut etxetik irteteko gogorik. Gainera euria ari du.

Perpausaren hasieran, azkenean nahiz barnean aurki dezakegu lokailu hau. Adibidez: 

Ez zion erantzun zuzenik eman. Arrotu egin zen gainera. Galduta dabil mutila. Ez daki gizajoak, gainera, nora jo.

Eta gainera, baina gainera eta ere gainera ere aurkitu ahal dira. Adibidez: 

Kantuan aritu ginen. Gustura aritu ere gainera.

Jale txarra zen haurra eta gainera egoskorra.

Horrela segiz gero, itsusitu egingo zara. Baina, gainera, soineko hori jazten baduzu, ileapaindegira joatea alferrik izango da.

Harridura kutsua ere adieraz dezake hala ere-ren antzera. Adibidez: 

Hartuko gaituzu? Bai eta pozik gainera.

gora

 

BESTALDE / BERTZALDE

 

Lokailu honen funtzioa ere gehitzearena da. Ekintza bati beste bat gehitzen zaiola adierazteko erabiltzen da, alegia. Adibidez: 

Diru gutxi dugu. Gastu asko, bestalde. Beraz, datorren hilabeterarte jai dugu

Kontura zaitez, bestalde, oker zabiltzala.

Lokailu hau nonnahi ager dakiguke: perpausaren hasieran, tartean nahiz bukaeran. Eta juntagailuarekin batera erabiltzen denean, beti perpausaren hasieran. Adibidez: 

Entzun ezazu arretaz, eta bertzalde gogoan har esandakoa.

 

gora

 

HALABER (OROBAT, BEREBAT)

 

Lokailu hau ere emendiozkoa dugu. Beraz, aurrekoak bezala, aurreko perpausan esandakoari zeozer gehiago gaineratzeko erabiltzen da. Berez gauza bera, gisa berean, modu berean, era berean edo antzeko zerbait esan nahi du. Horrezaz gain, sarritan ere partikularen ordez alda daiteke. Adibidez: 

Tamalgarria da gaur egungo egoera; tamalgarria halaber etorkizuna.

Lokailu hau perpausaren hasieran ager daiteke. Eta baita bukaeran ere. Maiz aditzaren ondoren erabiltzen da. Adibidez: 

Bete ezazu esana. Eta gogo har ezazu halaber zure jatorria.

Lokailu honen pareko dira berebat eta orobat. Adibidez: 

Zazpi urte on horiek bukatutakoan, berebat zazpi ez-urteak ere hasi ziren. 

Ez da orobat bat hiltzea edo hamar hiltzea.

 

gora

 

BEHINTZAT

 

Behintzat lokailua bederen, behinik behin, segurik edo bederik lokailuen baliokide da gehienetan. Aipatutakoari buruz muga antzeko zerozer jartzeko erabiltzen ditu hiztunak lokailu hauek. Hauekin bat dator gutxienez lokailua. Baina honen erabilera batez ere «zenbatasuna» adierazten duten sintagmetara mugatu ohi da. Adibidez: 

Zuk behintzat jan duzu. 

Urtean behin gutxienez komeni da.

Urtean behin gutxinekoz komeni da.

Lokailu horien distribuzioa dela eta, euskalkiak hartu behar dira kontutan. Bestalde, ekintzaren baiezkotasuna edo ezezkotasuna nolabaitere adierazteko, lokailu honen ondoan bai eta ez partikulak agertzen dira maiz. Adibidez: 

Etorri al dira ordezkariak? Udaletakoak behintzat bai.

Etorri al dira ordezkariak? Oraingoz behintzat ez.

 

Behintzat-en zenbait erabilera:

Harridurazko zenbait perpausetan (honelakoetan ez da segurik edo bederen-en pareko). Adibidez:

Bai noski, bai horixe, bai eiki... eta beste zenbaiten ordez.

Perpausaren hasieran: hasteko edo lehenbizikorik edo esan nahi du. Behin bederen edo behinik behin parekoak dira.

Normalean behintzat tartean agertzen dela esan daiteke. Adibidez

Ikusi behintzat, ikusi zuen. Ezagutu, ordea, ez.

Desioa adierazteko. Adibidez

Etorriko ahal da behintzat. / Etorriko ahal da behinik behin. / Etorriko ahal da baldin bait ere.

Hala ere, gainera, sikiera eta hauen parean, behintzat-ek perpausari harridura kutsua eman diezaioke. Adibidez: 

Zein aukeratuko, eta kanpotarra. Aberatsa izan balitz behintzat. (hala ere, sikiera).

 

gora

 

BEDEREN, BEDERIK, BEHINIK BEHIN

 

Behintzat lokailuen pareko dira bederen (bedere), bederik eta behinik behin. Baina, bederen-ek badu beste lokailuekiko alderik: kontzesio kutsua. Adibidez: 

Etorriko da, balantzaka bederen.

Kasu honetan lokailu honek «balantzaka bada ere» esan nahi du. «Bada + ere» itzulitik omen dator badere lokailua.

 

gora