www.santurtzieus.com

LAGUNARTEKO GUTUNA

LAGUNTZA GEHIAGO

ARIKETAK

UNITATEAK

Lagunarteko eskutitzetan idazle eta irakurlearen arteko harremanak (osaba-izeba/iloba, adiskideak, senar-emaztegaiak...) eta helburuak (goraintziak bidali, zoriondu, dolumina eman, maitasuna agertu...) ugariak izan ahal dira, ugaria den bezala gutun mota hauek izan dezaketen edukia, egitura e.a.; baina badute denek ezaugarri bat: irakurlea ondo ezagutzen du gutuna idazten duenak eta, horregatik, estilo naturalagoa, lasaiagoa erabiliko du; bestelako gutun formaletan erabili beharreko formulismoak: norbere burua aurkeztu e.a.

EGITURA

Egitura, arestian esan dugunez, ezin da aurretik finkatu: egoeraren araberakoa izango da, norentzat eta zertarako idazten den kontuan hartuta. Edonola ere, normalean lau zati desberdin dituela esan daiteke:

Lehenengo agurrak eta bizimodu arruntaren inguruko gorabeherak agertzen dira.

Ondoren gutunaren mamia osatuko duen gertaeraren berri ematen da.

Bukaeran, konklusio moduko zerbait edo gaiarekin lotura zuzenik ez duen bestelako zerbait.

Azkenik, goraintziak, agurra, besarkada...

TESTU MOTA

Testu-mota gutunaren helburuak markatuko du (informatu: narrazioa; argibideak eman: deskribapena; irakurlea zerbait egitera, pentsatzera bultzatu: argudioa; harremanak sortu...) Baina, seguruenik, gutun berean testu-mota bat baino gehiago aurkituk dugu nahasian bildurik.

ADIERAZPIDEA

Hasieran esan dugunez, hizkera naturala erabilik da; ideia bat egiteko, gutuna idazten diogun pertsonari hitz egitean erabiliko genukeena, baina, jakina, idatzizko kodeak dituen arauetara moldatuta: ortografia, paragrafoak...

GUTUNAK PRESTATU BEHARRA OTE DAGO?

Lagun arteko gutun asko idazteko premia bat-batean sor daiteke; batzuetan ez dugu aldez aurretik zer esango dugun ere erabakitzen; bereziki, gutunaren asmo hutsa harremana ez etetea, mantentzea denean. Honelakoetan gutunak ez du aparteko helburu finkorik: zerbaiten berri eman, zerbait eskatu, eskertu, norbait konbentzitu, konkistatu... Horrelako gutunetan eguneroko esperientziaren bat kontatzen da, besterik gabe, irakurleari gogoan dugula, ez garela ahaztu adierazteko.

Baina gutunen batek helburu jakin eta zehatzen bat duenean, gutunaren bidez zerbaiten bila gabiltzanean, orduan komenigarria da idatzi aurretik pentsatzen jartzea. Horretarako oso egokia da pentsatzea zer esan nahi den, alde batetik; eta zer erantzun lezakeen irakurleak, bestetik, elkarrizketa bat izango balitz bezala. Noski, elkarrizketaren hari kaotikoa ordenatu eta antolatu beharra dago elkarrizketaren zatiak paragrafoetara egokitu eta zati hauek ordenamendu logiko eta ulergarrian emateko.

LAGUNARTEKO GUTUNAREN ZENBAIT BALIABIDE IRAUNKOR

Hasierako agurra

Jarraian doaz lagunarteko gutunaren hasieran erabiltzen diren zenbait agur formula. Hauek erabilienak dira; gutun mota honek era guztietako agur pertsonalizatuak onartzen ditu, pertsonarekin dugun harreman konplizitate eta konfiantzaren araberakoak.

Anaia maite hori

Lagun laztan hori \ horiek

Kaixo lagun, zer moduz?

Ene bihotzeko azukre koxkorra

Bukaerakoa

Hasierako agurrari buruz esandakoak honako ere balio du

Beti zure adiskide

Besarkada batez agurtzen zaitut

Beste gabe agurtzen zaitut

Zure lagun min honek agurtzen zaitu

Zure seme maiteak agurtzen zaitu

Musu batez agurtzen zaitu