www.santurtzieus.com

LANEKO OHARRA

LAGUNTZA GEHIAGO

ARIKETAK

UNITATEAK

Laneko oharra gutun itxura izan arren (norbaitek beste bati idatziz adierazten dion zerbait), ez da, berez, gutuna, beronen hainbat elementu falta baitzaio: agur eta bukaerak formal edo informalagoak, norbere aurkezpena, gutunaren helburuarekin zerikusi zuzenik ez duten eta sarri gehitzen den informazioa.

EGITURA

Administrazioko 1HE azterketa ereduan azaltzen denez, testu honen egitura nahiko finkoa da. Bi atal nagusi ditu:

a) Egoera: azterketariak atal honetan proposatzen zaion egoera jakin bat deskribatu beharko du. Adibidez:

    "Lanean egoitzaz (eraikinez) aldatu zarete. Dena kartoizko kutxetan sartu eta toki berrira joan zarete. Kutxak toki batetik bestera eramaterakoan zenbait galdu egin dira, eta beren artean zureak. Arduradunari idatziz azalduko diozu zer gertatu den, zer falta zaizun eta material horrek daukan presa."

b) Egoera horren inguruan edo egoera hori dela eta, eskaera bat planteatu beharko du. Adibidez:

"Arazoa (kutxak galdu izana) arin konpontzeko eskatuko diozu arduradunari."

BALIABIDE LINGUISTIKOAK

a) Egoeraren deskribapena

Lehen atal hau burutzeko kontuan hartzeko ezinbesteko elementuak izango dira aditzaren erabilera eta denbora markak.

Aditzari dagokionez, aditz denborari erreparatu beharko zaio, bereziki: iragana (hurbila edo urruna), etorkizuna... eskaera probokatuko duen egoera non kokatzen den gogoan izanik: iraganeko gauza bat dela eta egiten da eskaera, edo gertatuko den zerbaiten haritik...

Denbora markak aurrekoaren osagarri gisa erabiliko dira, egoera hobeto kokatzeko: Atzo goizean; datorren asteartean...

Adib.:

"Pasa den astean egin genuen leku-aldaketan, gogoratzen duzunez, kartoizko kutxetan sartu genituen bakoitzaren gauza guztiak eta hauetariko batzuk galdu egin ziren. Hauen artean nire gauzak zituztenak ere badaude. Bertan orain arteko txosten guztiak eta zenbait liburu daude."

b) Egoera eta eskariaren arteko lotura

Egoera jakin horrek ondoren adieraziko den eskaria sortzen edo probokatzen duela adierazteko, badira zenbait lokailu. Hona hemen erabilienak:

Horregatik
Hori dela eta
Horren aurrean ... honako hau ("mesede hau" lankidea edo konfiantzazko norbait denean) eskatu nahi dizut / eskatzen dizut...

c) Eskaria bera

Eskaria adierazteko biderik arruntenak hauexek dira:

-TZEA nominalizazioa:

Horregatik honako hau eskatu nahi dizut: egin beharreko guztia egiTEA kutxak lehenbailehen azaldu eta nire gauza pertsonalak berreskuratzeko

-TZEKO nominalizazioa

Hori dela eta honako hau eskatu nahi dizut: egin beharreko guztia egiTEKO kutxak lehenbailehen azal daitezen.

Subjuntiboa

Hori dela eta honako hau eskatzen dizut: egin beharreko guztia egin DEZAZUN...

Agintera (inperatiboa) Hau, bereziki, konfiantzazko norbaiti egiten diogunean eskaria (lankidea...)

Horregatik mesede bat eskatu nahi dizut: esaiozu zuzendariari lanetik irten behar izan dudala eta gorde itzazu mahai gainean utzi ditudan karpetak. Mila esker.