www.santurtzieus.com

AHARRAUSI LUZE

Jeronimoren azken guda dantzatik 90 urte

Askotan entzungo zenuten Jeronimo buruzagi indiarraren izena, batez ere western filmeetan eta. Baina ez pentsa Jeronimo hori fikziozko pertsonaia denik. Bene-benetakoa da, edo zen, hobe esanda. Izan ere, otsailaren 17an beteko dira 90 urte hil zenetik. Bere garaian ospe handia lortu zuen Jeronimok, batez ere Mexiko Berria kolonizatzera zihoazenen artean, ahalik eta zuririk gehien hiltzeko hitza eman baitzuen...eta betetzen saiatu ere! Soldadu amerikarrek ahalmen magikoak zituela uste zuten, eta horrek zalantzarik gabe lagundu egin zion Jeronimo eta beste 37 jarraitzaileei Estatu Batuetako armada 25 urte luzez zoratzen.

Aharrausi egiten duena

Lehenengo eta behin, pertsonaiaren berezko izena aipatu beharra dago, Jeronimo ezizena baitzuen. Berezko izena Goyathlay zen, hots, aharrausi egiten duena. Apatxeen Bedonkohe leinukoa zen jaiotzez, denboraren poderioz Chiricahuen buruzagia izatera heldu bazen ere. 1829an jaio zen, garai hartan mexiko baina gaur egun Estatu Batuena den Mexiko Berriko lurraldeetan.

Ahalmen miragarriak

Botere izugarriak zituen Jeronimok, izadiko indarretatik jasotakoak, baina ezagunena etsaien balen aurkako babesa zen: balek ez omen zioten Jeronimori inolako minik ematen.

Jeronimo ez zen jatorriz, gudaria, aztia, sendagilea eta jakituna baino. Hala ere, botere psikologiko handia zuen bere tribuko gerlariengan. Izan ere, bere anaia Juh zen hasieran Chiricahuen buruzagia, baina hitz egiteko arazo fisiologikoak zituen, eta hori dela-eta Jeronimo zuen bozeramaile. Soldadu zuriek, hitz egiten zuena beti Jeronimo zela ikustean, buruzagia bera zela pentsatzen zuten.

1858an, alargun

Jeronimoren bizitzaren unerik garrantzitsuenetakoa 1858an izan zen. Mexikora joanda zegoen Jeronimo, eta etxera bueltatzean, emaztea, ama eta hiru seme-alaba gazteak aurkitu zituen soldadu espainarrek hilda. Hainbesteko gorrotoa hartu zien zuriei, non ahal beste hilko zuelako hitza eman baitzuen. Antza denez, orduan jaso zituen balizko ahalmen harrigarriak, eta haiekin batera bere ospe handia.

1875ean, Rio Grandetik mendebaldera zeuden indiar guztiak San Carlos erreserbara eraman zituzten. Jeronimok hirutan egin zuen ihes bertatik, eta azkenean amore eman arren, ez zuten behin ere atxilotu. Hurrengo urtean, Chiricahua guztiak erreserba batera eramaten saiatu zen armada, baina Jeronimok Mexikora alde egin zuen berriro ere, eta han ibili zen 10 bat urtez soldaduengandik ihesi.

Prentsa sentsazionalistak handitu egin zituen Jeronimoren ekintzak, harik eta apatxerik beldurgarri eta ankerrena zela sinestarazi arte. Kanpainaren azken hilabeteetan 5000 soldadu inguru behar izan ziren (hots, armada osoaren laurdena), 500 aztarnari eta 3.000 soldadu mexikarrekin batera, Jeronimo eta bere bandaren arrastoari jarraitzeko.

Estatu Batuen aurkako azken indiarra

1882ko maiatzean Estatu Batuetako armadarentzat lan egiten zuten aztarnari apatxeek aurkitu zuten Jeronimok mendian zuen aterpea utzi eta bere taldearekin batera erreserbara itzuli behar izan zuen. Urtebete egin zuen han nekazaritza lanetan eta, Ka-ya-ten-nae gudari apatxearen bat-bateko atxiloketaren ondoren, berriro ekin zion ihesari, 35 gudari eta 109 emakume, ume eta gazterekin. 1886ko urtarrilean, berriz, armadako aztarnari apatxeek Juhren ezkutalekua aurkitu zutenean, Jeronimok amore eman zuen George Cook jeneralaren aurrean. Geroago berriro ere ihes egin zuen, baina handik gutxira etsi behar izan zuen Nelson Miles jeneralaren aurrean. Hortxe bukatu zen indiarren erresistentzia. Ordurako, 16 gudari, 12 emakume eta sei ume baino ez zen gelditzen Jeronimoren taldean.

Gobernuak orduan, 450 gizonezko apatxe garraiatu zituen Floridara bertako forteetan giltzaperatzeko. Beste batzuk, 300 inguru, Alabamako Vernon mendiko bordeetara eraman zituzten, eta bertan laurden bat baino gehiago hil zen tuberkulosiak eta bestelako gaitzek jota.

1894an denak bildu zituzten berriro Oklahomako Fort Sillen. Jeronimo nekazari egin zen, eta 1904an Lousiananko Nekazaritza Azokan agertu zen, bere tribuko oroigarriak salduz. Hurrengo urtean, borroka erabat ahaztuta, Theodore Roosevelten gobernuaren inagurazio desfilean ere hartu zuen parte.

1909ko otsailaren 17an hil zen Jeronimo, gerra-preso, bere sorterrira bueltatu ezinik. Oklahomako Fort Sillen bertan erre zuten hilotza. Hala ere, amerikarren gogoan bizirik dirau haren irudiak...entzun bestela Estatu Batuetako jauslariek zer oihukatzen duten hegazkinetatik jauzi egiten dutenean!

Joxe Rojas Aizu aldizkaria