Berriketarako gogo gutxi izaten da astelehenetan. Burumakur eta goibel, zelai guztiak aldapa bihurtzen dira asteari hasiera ematen dion egunean. Bihotzekoen lautik hiru astelehenetan izaten dira. Gerriko minen %40a astelehenetan azaltzen da. Bide-istripurik gehienak (larunbata salbu), arretarik ez hartzeagatik, astelehenetan izaten dira. Lan-istripu gehienak, astelehenetan. Errendimendu gutxien, astelehenetan. Astelehena egun madarikatua al da? 48 Orduko atsedena ez al da nahikoa? Ez al zaio behar bezalako etekina ateratzen asteburuari? Atsedena uste baino zailagoko artea da nonbait. Jakitunen ustetan, bi omen dira astelehenetako "aldapa" horren arrazoiak: egonean egotea edo gehiegizko lan-zaletasuna sufritzea. Batzuentzat asteburua asperraldi bat besterik ez da. Lanean bestetan ez dakiten horiek asteburuan aspertu egiten dira eta asteleheneko lanerako martxaren zain egoten dira. Beste asteburu bat joan da. Behar bada alferrik galdutako asteburua. Izan ere, ez baita erraza asteburuari etekina ateratzen jakitea. Batzuek egonean ematen dute asteburua; lo eta lo, telebistaren aurrean jarri eta orduak eta orduak pasa. Aparteko entretenimendurik gabe. Beste batzuek, ordea, ez dakite geldirik egoten. Astea aulki batean eserita telefonoz hitz eginez eman ondoren, asteburua iritsi eta diren eta ez diren lan eta zaletasun guztiak egin behar dituzte. Ez bata eta ez bestea. Biak dira kaltegarriak, asteburuak guztion onerako behar luke izan, baina astelehenetako aurpegiek ezagun dute asteburua ez dela behar bezalakoa izaten. Egonean egon Ostiralera lur jota heltzen gara. Neka-neka eginda. Gehiegizko esfortzuak, intelektualak nahiz fisikoak. Baina 5.000 metro korrika egin dituen korrikalaria eredutzat hartzen badugu, ikusten dugu ez dela kolpean geratzen helmugara iritsi ondoren. Piskanaka-piskanaka moteltzen du bere martxa. Horregatik, asteko martxa asteburuan kolpean eteten baldin bada, astelehenean ostiralean bezain nekatu joango gara lanera. Bost egunetan presaka jan, goiz jaiki eta berandu oheratu bagara, eta asteburua etorri eta hamaiketan jaiki, pijama erantzi gabe, gosaldu, bazkaldu orduko siestara joan eta jaiki bezain laster telebistaren aurrean jartzen bagara, ez dugu sekula nekea gainetik kenduko. Patxaratik egundoko zereginetara Gehiegizko aktibitate fisikoa ere kaltegarria da. Aste guztia aulki batean eserita eman dutenak izaten dira normalean honen zaleak. Asteburua iritsi eta bat-batean kotxe-garbitzaile, lorezain, kirolari edo brikolaje-zale amorratu bihurtzen dira. Jakina, gaztetan mutur batetik besterako salto hau egiteko aparteko eragozpenik ez dago. Gorputzeko giharrak hori adina egiteko gauza baitira, baina 30 urtetik gorako gorputzek asko sufritzen dute horrelako aldaketekin. Zazpigarren eguneko langile hauek 48 ordutan aste osoan egin ez duten guztia egin nahi dute. Eta, noski, asteburuak lur jota, leher eginda utziko ditu. Gero gerokoak. Eta bere buruari galdetzen diote ea zer demontreagatik dauden hain nekatuta astelehenean. Azkenik, esan behar batzuentzat asteburua asperraldi hutsa dela. Lanean bestetan ez dakiten horiek asteburuetan aspertu egiten baitira eta astelehena noiz etorriko zain egoten dira, asteburua atsedenean baino tripa jaten emanez. Soluzioak Nola saihestu egoera hauek? Asteburuan loaldi luzeak egitearen aldekoa bazara, erremedio erraza duzu. Zer edo zer egiten hasi. Baina ez hartu bat-batean sekulako lanak. Ekintza fisiko bati ekin, baina piskanaka-piskanaka. Jarri bost astetarako egitasmo bat eta bete. Astelehenetan hobeto egongo zara. Asteburuetan geldirik egoten ez badakizu, lasaixeago aritu. Ez duzu mutur batetik bestera pasa beharrik, baina esfortzua gutxitzea komeni zaizu. Hobe da hogei minututan lasai igeri egitea, tarte horretan etxeko gela pintatzea baino. Asteburuan aspertzen bazara, jakina, zer edo zertan hasi. Liburuak irakurtzeak aspertzen bazaitu, ez irakurri, kirolean aritu. Hori ere gogoko ez baduzu, eskulanari ekin. Monotoniaren aurkako erremedioa ekintzaz aldatzea da. Asteleheneko aurpegiak aldatuko ahal dira! |