www.santurtzieus.com

BAI MUNDU BERRIA!

Gure aiton-amonei galdetuko bagenie bere bizitzan zehar zein berrikuntza zientifikok edo teknologikok liluratu zituen gehien, erantzun-sorta oparoa jadetsiko genuke. Nireek, bederen, oso gaitza izango lukete horien artean bat bakarra aukeratzea: automobila, abioia, irratia, telebista, bonba atomikoa, gizakia ilargian, penizilina...Hain izan da bizkorra XX. mendeko zientzia eta teknologiaren bilakabidea!

Mendearen erdialdean sortu ginenok etxekoak ditugu kontzeptu eta ezagutza asko. Eskolan ikasi ditugu edo etxeko sukaldean ezagutu, baina, halaber, gu ere iraultza teknologiko horren lekuko izan gara. Gure aiton-amonentzat arrotz izan ziren neutroiak, fotoiak, kuantuak edo geneak; guretzat, aitzitik, ezagun. Bidean ikasi ditugu gerorrek, bestalde, txip, klonazio edo pultsare modukoak.

Zientziak eta teknologiak berebiziko iraultza ezagutu dute agortzear dagoen mende honetan; arian-arian, etenik gabe, gainera. XIX. mendeko fisikari handienetako batek, James C. Maxwell-ek, kontzeptualki oso arrotz izango lituzke egungo fisikaren atal asko, adibidez. Munduari begiratzeko ditugun betaurrekoek kristal berriak dauzkate.

Hala ere, eraldaketa zientifiko eta teknologiko horretan zeintzu izan dira egiazko formulazio iraultzaileak? Zeintzuk aldarazi dute munduaren gure ikuspegia? XVII: mendeko zientziaren garapenean Newton-en legeak mugarri izan ziren legez, zerk zedarrituko du XX. mendeko zientzia?

Ausardia izanik ere hiru jaulkiko ditut: teoria kuantikoa, ADNaren aurkikuntza eta ordenadorea. Teoria kuantikoak materiaren egitura azaltzeko erreminta izateaz gain, unibertsoaren jatorria eta bilakaera ulertzeko giltza damaigu. ADNaren helize bikoitzak kode genetikoaren liburua irakurtzeko bideak ireki ditu. Ordenadoreek, azkenik, transistorearen aurkikuntzaren ondorioz, informazioa biltzeko, prozesatzeko eta kudeatzeko ahalmen izugarriz hornitu gaituzte. Beste makina bat aurkikuntza eta kontzeptu txundigarri ere garatu dira joan diren ehun urteotan, baina oinarria horietan dago: materian, bizian eta garunean.

Gaurtik aurrera Teknopolis-en zientzia ulergarri zure esku.

Iņaki Irazabalbeitia EGUNKARIA (99-2-20)