www.santurtzieus.com

BASAJAUNA

Euskal Herriko herri gehienetan Basajauna basoan bizi dela gauza ezaguna den arren herri gutxi batzuetan kobazuloetan bizi dela esaten da. Itxuraz handi-handia da, sendoa, indartsua eta ezin trebeagoa. eta gorputza oso-osorik dauka ilez estalirik. Buruko ilea luzea du, eta aurretik erortzen zaion adats eder baten jabe da, belaunetaraino heltzen zaion adatsa. Giza gorputza badu ere, oin bat borobil-borobila du, bestea berriz, gurea, gizakiona bezalakoa.

Artaldeak babesten ditu, eta ekaitza dakarrenean oihu itzelak botatzen ditu artzainek artaldeak etxera eraman ditzaten. Otsoak ere uxatu egiten ditu. Ardiek ondotxo dakite lagun dutela Basajauna, eta hurbil dabilela atzematen dutenean zintzarriak astintzen dituzte. Orduan artzainek lasai egin dezakete lo kuluxkatxoa, badakitelako Basajaunak ardiak zainduko dituela, eta egun horretan behintzat, otsoak ez dituela molestatuko.Beste leku batzuetan berriz, gaiztoa dela uste dute.

Herri batzuetan lehenengo nekazaria dela diote. Gizakiok amarru baten bidez bere teknika ikasi zioten, gari-hazi bat lortuz eta hura ereinez. Badiote munduan izan zen lehenengo errementaria izan zela, eta lehenengo errotaria ere bai. Gizakiok serra egiteko teknika, errota ardatza eta metalak lotzeko sekretuaren jabe egin ginen, Basa Jaunari lapurtuz.

Eta hau guztia egia omen da, edo horrela kontatzen dute behintzat. Ataunen hurrengo historioa kontatzen dute, nola lortu zituen gizakiak Basajaunaren sekretuak.

Atauneko Muskia mendian ereiten zuten garia Basajaunek. Behin gizonezko bat (San Martiniko, beraien laguna zena) bisitan joan zitzaien. Kobazuloan sartu zenean gari piloa ikusi zuen, eta zera esan zien, baietz berak gari meta horien gainetik egingo zuela salto horiek ikutu gabe. Oso abarka zabalak zeramatzan gizontxoak, eta jakina, salto egitean abarkak gariz bete zitzaizkion.

Gero haiek agurtu eta herrirantz abiatu zen. Baina Basajaunak konturatu ziren, eta ikusi zuten abarketan garia zeramala. Orduan, aizkora bat bota zioten, baina gaztainondo baten enborran geratu zen.

Bazeukaten beraz, gari-hazia baina ez zekiten noiz erein behar zuten. Orduan, egun batean San Martiniko Basajaunen kobazulora hurbildu eta hurrengo abesti hau entzun zien:

"Gizakiok balekite abestitxoa

aterako liokete etekin ederra.

Hostoa sortzean erein artoa,

hostoa erortzean erein garia

San Lorentzo garaian erein arbia"

Horrelaxe egin zuen San Martinikok, udazkenean erein zuen garia, eta uda aldean lortu zuen uzta, horrela, garia eta ogia mundu osoan zabaldu zen.

Amarru baten bitartez ere, lortu zuen San Martinek serra egiteko sekretua. Basajaunak serrak egiten zituen bere tailerrean, San Martinek berriz, ez zekien nola egiten ziren. Ikasi nahi zuenez, morroiari agindu zion esateko bazekiela nola egiten ziren. Basa Jaunak hau jakitean zera esan zion morroiari:

Ikusi al du bada, zure jaunak gaztainondo hostoa, ala?

Ez, ez du ikusi, baina ikusi egingo du - erantzun zion morroiak.

Morroiak San Martini kontatu zion eta honek gaztainondoaren hostoaren forman fijatuta, serra egin zuen.

Gauean Basajauna San Martinen tailerrera abiatu zen ikusteko ea serra egin ahal izan zuen. Bertan serra bat ikusi zuen, eta hortzak (serraren hortzak) okertu zizkion apurtu nahian. Tamalez, tresna hobetzea baino ez zuen lortu. Eta horrela, serra mundu osoan zabaldu zen.

Horrelaxe ere, amarru baten bidez, ikasi zuen San Martinek metalak lotzen eta errotarako ardatz onak egiten.

Basajauna ezkonduta dago, bere emaztea Basanderea da, lamia eder bat. Pertsonaia honen inguruan kontatzen dute istorio bat. Salbatore elizan bazen argimutil eder bat. Antza denez, Basajaunak argimutila lapurtu eta Basandereari eman zion opari. Behin, Mendibeko gazte batek Basanderea ikusi zuen mendian, urrezko argimutil bat eskuan zuela. Gazteak beretzat nahi zuela eta eskatu egin zion. Hasiera batean Basandereak ez zion eman nahi, baina azkenean opari egin zion.

Gazteak Salbatoreren baselizara zeramala ikustean korrika joan zen honen atzetik argimutila berreskuratu nahian. Basajaunak mendi-tontorretik den-dena ikusi zuen eta gaztearen atzetik hasi zen korrika. Gazteak, Salbatoreren baselizatik hurbil zegoenean, zera esan zuen:

"Jondoni Salbatore,

zuretzat nuen,

othoi urrikal zakizkit"

Une horretantxe hasi zen baselizako ezkila jotzen eta Basajaunak eta Basa Andereak gelditu behar izan zuten, baina Basajaunak mehatxatu egin zuen esanez: "Ezkil madarikatu horrek salbatu zaitu, baina baraurik harrapatzen zaitudan egunean, larrutik ordainduko didazu".

Handik egun batzuetara, artzain gaztea baraurik joan zen mendira. Halako batean Basajauna hurbildu zitzaion. Gazteak Basa Jaunaren mehatxua gogoratu zuen, eta txapelaren azpian zeramatzan gari ale batzuk aterata, jan egin zituen. Basajauna Amen Jesus batean desagertu zen.

Argimutilak Salbatore baselizan segitzen du. Mendibetarrak saiatu dira behin baino gehiagotan herrira jaisten herriko elizan jartzeko, baina ezin izan dute inoiz Haritz-Kurutxeta izeneko muinotik behera pasatu, Basajauna eta Basanderea bizi diren tokitik hain zuzen.