www.santurtzieus.com

BIDELAGUN LEIALA

Auto berria erostea tokatzen zait laster. Dagoeneko eman ditu onenak nire auto beltz txikitxoak, baina aitortu behar dut edozein egunetan errepide bazterrean geratzeko arriskua dugula autoak eta biok. Horregatik, ezbeharren bat gertatu aurretik, auto-etxeetako katalogoetan eta erakusleihoetan begira hasteko ordua iritsi dela pentsatzen hasia nago.

Duela zortzi bat urte eskuratu genuen etxean bigarren eskuko auto panpoxa. Izugarri gustatu zitzaigun denoi, bazuelako gainerakoen ondoan bereizgarri eta edergarri franko: ireki zitekeen sabaia, bere kategoriako autoek baino zaldi gehiago, GT delako deitura ... Izen-abizen deigarriak zituen gure ibilgailu berriaren nortasun agiriak. Ordutik hona makina bat eskuren igurtziak jaso ditu gure autoak. Igurtzi trebeak eta atseginak batzuetan, zakarrak eta traketsak beste askotan

Hala ere gutxitan atera da haren erraietatik intziri mingotsik. Beste edozein makinak eskatzen duen arreta nahikoa izan da zortzi urte hauetan zintzo eta leial portatzeko. Heldu zaio, ordea, erretirorako txanda. Lagunek eta lankideek auto berria noiz erosiko dudan galdetzen didate behin eta berriz. Auto zaharra dela, segurtasuna oinarrizkoa dela ...

Ni, berriz, gustura nago auto zaharrarekin. Izan ere, makina bat pozaldi izan ditugu elkarrekin, eta haren zintzotasuna akasgabea izan da.

Lagun-minari traizioa egingo banio bezala sentitzen naiz auto eder, berri, dotore eta forma biribildunen distirak itsutzen nauenean. Zentzuduna banintz,bihar bertan joango nintzateke kontzesionariora nire beharretara egokitzen den auto egokiaren bila.

Badakit horrenbeste urtetan bidelagun izan dudan autoa baztertzeak atsekabetu egingo nauela. Hala ere, ezin dut ukatu berria erosteak ilusiorik ematen ez didanik.

Zinez, apur bat umezurtz ere sentituko naiz autoa txatarreriara eramaten dutenean.

Ainhoa Lodoso Zabalik, 2000/IV/21