1592ko otsailaren 5ean jaio zen Donostian Catalina de Erauso ezpatari ospetsua. Ezin esan dezakegu segurki zein urtetan 1585ean sortua zela idatzi zuen berak autobiografian-ezta zein egunetan jaio zen; bataio agiriak, ordea, aurrean adierazitako data zehazten du, baita emakume sortu zela ere. Etxe onekoa zen Erauso, baina emakumea, eta garai hartan bi aukera baizik ez zuten etxe oneko emakumeek bizitzaren aurrean: moja bizi edo gurasoek hitzartutiko ezkontza onartu. Komentuan ixten zituzten neskatoak txikitatik, eta ezkontzeko adinean erabakitzen zuten gurasoek, edo nagusiek, haien bizitza. Etxe onekoa izaki, haur barkatuen gisa bizi izan zelakoa egin lezake hainbatek, baina haur ukatua izan zen Catalina de Erauso. Lau urte zituela itxi zuten komentuan eta zazpi urte geroago erabaki zuten gurasoek moja bizi behar zuela. Handik urte batera ihes egin zuen. Ez zuen kalea ezagutzen, baina bazekien kalean ibili ahal izateko gizaseme behar zuela izan. Komentu jantziak zarrastatu eta, nola edo hala moldatu ondoan, gizon itxuran abiatu zen munduan barrena. Han eta hemen morroi ibili ondoan, Indietarako bidea hartu zuen bi urte geroago, bere garaiko gizonezko askok ohi zuten bezala. Mirabe ibili zen hasieran, baina ez zuen bere burua eginbide horretara mugatu nahi izan eta, zaldun prestuenen antzera, laster erakutsi zuen bere ezpata-ukaldien balioa. Ezpata-dantza izan zen ordudanik haren bizitza, bizirik irauteko hil. Inperioko zerbitzari odolzaleenak itzaldu nahian-edo, sarraskian erabili zituen araukanoak, egundainokoak eraginez, eta buruz buruko batean hil zuen bere anaia bat, nor zen ez zekiela. Ataka zailenetatik atera ahal izan zen agintari eta handiki euskaldunek emaniko laguntzari esker, baina Perun agertu behar izan zuen bere natura: emea zen, eta birjina. 30 urte zituela, komentuan sartu zuten eta, Moja Alferez bihurtu ondoren, naturaren oker baten gisa ibili zuten Ameriketan eta Europan. Bere naturari uko egin behar izan zion Catalina de Erausok bizi ahal izateko. Gizasemeak bezala bizi eta borrokatu zen, eta emetasun ukatua bilatu zuen maitatu zituen emakumeengan. Emakume ukatua izan zen Catalina de Erauso, ez emakumeak maitatu zituelako, baizik eta emakume gisa bizitzerik ukan ez zuelako. Joxan Elosegi, Euskaldunon Egunkaria 2000/II/5 |