Nahiko ohikoak izaten dira komunikabideetan drogei buruzko albisteak. Batzuetan droga trafikoaren berri ematen dute, besteetan sustantzi toxikoek eragin ditzaketen ondorioak azaltzen dituzte, eta beste askotan drogei aurre egiteko kanpainak iragartzen dituzte. Oraingo honetan, ostera, drogei buruzko informazioa da albiste. Jakin nahi al duzu zenbat jendek kontsumitzen duen haxixa EAEn? Eta heroinaren kontsumoa jaitsi ala igo egin den azken urteotan? Horrela bada, orain baduzu horretarako aukera. Jaio berri den Droga-menpekotasunaren Euskal Behatokiak kontsumoari buruzko informazioa bildu eta aztertuko du. Espainako estatuan sortu duten mota honetako lehen behatokia izango da EAEkoa, eta Droga-menpekotasunaren Idazkaritzaren menpe egongo da. Droga-menpekotasunaren Deustua Institutuaren eta Donostiako Dokumentazio Zentroaren laguntza jasoko du eta zentroak Lisboan dagoen Europako behatokiarekin harreman zuzena izango du. Euskal behatokia zerbitzu estatistiko publikoa izango da, eta bere eginbeharrak EAEn sortzen den droga-menpekotasunaren inguruko informazio guztia biltzea eta aztertzea izango dira. Datuak izanda, politikariek ekimenak sustatzeko ahalmena izatea izango da zentro berri honen helburu nagusia. Georges Estievenart Europako Droga-menpekotasunaren behatokiko zuzendariak aurreko asteko aurkezpenean azaldu zuen zein den horrelako bulego baten lana: "behatokiaren lana ez da droga-menpekotasunei aurre egiteko neurri edo proposamen politikoak egitea, baizik eta gaiari buruzko informazio zientifikoa jorratzea"- esan zuen Estievenartek. Droga kontsumoari buruz zenbait datu Behatokia martxan jartzearekin batera Ramon Jauregi Justizia sailburuak droga kontsumoari eta menpekotasunari buruzko hainbat datu eman ditu. Hauek dira horietako batzuk:
|