www.santurtzieus.com

DROGAK DOHAINIK ESKOLETAN

Nik esango banu gure herriko eskoletan droga debalde banatzen zaiela neska-mutikoei gero koxkortutakoan ohiko kontsumitzaile bihur daitezen, zorotzat hartuko nindukezue denok, eta inork sinetsiz gero espantuka hasiko litzateke berehala. Asaldatze handirik gabe ari da gertatzen, ordea, aspalditik gainera, ez hori bera baina bai antzekoa.

Zer da ba bestela, urtero eta ia eskola guztietan eskiatzen ikasteko eta zaletzeko antolatzen diren txangoak? Propio izendatzen dira opor-egun batzuk eta egundoko plana prestatzen da: bidaia, egonaldia, materiala eta ikastaroa aski prezio erosoan, ikastetxearen dirulaguntzari esker; haurrak pozez zoratzeen irakasleak ere bai jai dutelako, eta gurasoak harro-harro, seme-alabak ohitura modernoenetan hezten ari direlako ("garai batean halako aukerarik izan bagenu..."). Zertan nator ni, hortaz, denak pozik dauden lekuan bazterrak nahastera?

Gaurko sistemaren ezaugarria da, jendearen beharrak asetzera jo ordez, behar horiek sortu, estimulatu egiten direla, hartara kontsumoa handitzeko: "hartu sakelako telefonoa, lehenengo hilabeteak doan!". Dena dela, ez dut sermoi antikapitalistarik bota nahi; bidai agentziei eta eski-estazioei ere negozioa egiten utzi beharko, nahiz eta mendialdeko bizimodua hondatu eta dena errepide azkarrez bete.

Baina gainera jendea hil egiten da eskiatzen: joan den astean bertan euskal herritar bi, eta beste mendizale bat ere bai, hirurak Pirinioetan (inork ez dezala salbuespena aipa: lagun bat daukat Toledoko elbarrientzako zentroan, aurten eskiatzen min hartuta, eta hori ez da egunkarietan azaldu). Droga guztiak libre uztearen aldekoa naiz, nahiz eta nik batere kontsumitu ez; beraz, ez naiz hasiko kirol arriskutsuen kontrako erretolikan. Hala ere, norberaren askatasuna gauza bat da, eta beste bat sarri kaltea ekarri ohi duten ekintzen promozio soziala. Promozioa baita eskolako subentzioa, alpinistak heroi nazionaltzat hartzea, unibertsitateak rambokeria guztietako ikastaroak antolatzea...

Asteburu honetan goi mendietan zabiltzatenok, barkatu nire zaputzaldia, baina ibili kontuz.

Xabier Mendiguren Elizegi