www.santurtzieus.com

EMAKUMEAREN LEKUA EKONOMIAN

Martxoaren 8an ospatuko dugu emakumearen nazioarteko eguna. Oraindik ere beharrrezkoa da eskubide asko erreibindikatzea ia XXI. mendean egon arren, baina Euskal Herriko emakumeek ezagutu dituzte garai hobeak: XVI. mendean esate baterako, botere handia zuten euskal gizartean.

Horrela kontatzen du behintzat Jose Antonio Azpiazuk, "Mujeres vascas: sumisión y poder" izenburupean idatzi zuen liburuan. Eta badauka baieztapen hori egiteko arrazoirik. Jose Antonio Azpiazuk XVI. mendeko merkataritzari buruz egin zuen bere tesia eta horretarako informazio bila zebilela, merkataritza arloan (hain arlo moderno garai hartarako) emakume asko agertzen zela konturatu zen. Datu horrek harritu egin zuen, eta tesia bukatu ondoren dokumentazio gehiagoren bila hasi zen, gai hori nolabait argitzeko asmoz. Dokumentu pilo bat aurkitu zuen, "nahiko adierazgarriak eta gure mentalitatetik kanpo gelditzen direnak".

XVI. mendean garapen indartsua ezagutu zuen euskal gizarteak eta ondorengo hiru mendeetan, berriz, beherakada gertatu zen. Zer esan nahi du horrek? Azpiazuren aburuz," euskal emakumeak, gizarteko baldintzek aukera eskaini ziotenean, gauza handiak egiteko ahalmena zuela erakutsi zuen".

XVI. mendean euskal herritarra ez zen baserritik bakarrik bizi, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Are gehiago, baserria industriari begira, edota industriaren menpe, garatzen zen. Garai hartako gizartearen motorrak industria eta merkataritza ziren, eta ingurune horretan euskal emakumeek garrantzi handiko papera bete zuten, bai garraio lanetan ibiltzen zirelako, bai itsasontziak eraikitzen zituztelako eta horien jabeak zirelako, baita euren konpainiak sortzen zituztelako ere, gaur egun ezagutzen dugun moduan, euren dirua inbertituz.

Azpiazuk dioenez, "nahiz eta legeak ez lagundu, are gehiago, ia-ia legeen kontra, emakumeek izugarrizko boterea zuten, euskal gizarteak berak emanda gainera". Garai hartako legeak ez zuen emakumea aintzat hartzen ere, legearen egilea eta titularra gizonezkoa zen. Emakumea garai hartan ezkontzeko edo elizarako zen, eta ez batean eta ez bestean sartzen ez zena, nolabait esateko, susmagarri bihurtzen zen: " Orduan emakumeek gizonaren baimenik gabe zein gizonaren baimenarekin, gizonaren baimenik gabe zein gizonaren borondatearen aurka hartzen zituzten askotan erabakiak. Ondorioz, historiak ukatu eta ezkutatu egin du errealitate hori. Botere hori industrian ezezik elizan ere isladatzen zen. Elizan ez zuen emakumeak agintzen, baina asko sartzen zen; serorek eragin handia zuten, sakristietan batez ere, baina baita ekonomia arloan ere, oihalak egitera eta dedikatzen zirelako.

Bitxikeria moduan, Azpiazuk honako hau azaltzen du: "Burnigintza, berez, gizonezkoen mundua zen. Burdinoletan lanean aritzen zirenak gizonezkoak ziren, baina kasu askotan diru kontua emakumeen ardura izaten zen. Oso adierazgarria da Legazpikoaren kasua: jabea emakumea zen, administrazioa emakumeen esku zegoen eta astero soldata jasotzera joaten zirenak ere emakumeak ziren, langileen emazte, arreba edo alabak. Antzeko zerbait gertatzen zen Arrasaten altzairuarekin. Garai hartako dokumentu batean agertzen denez (hasta las mujeres están implicadas en el negocio del acero), emakumeak negozioan aritzen ziren, ez hango langileei laguntzen.

Zer dela eta lortu zuen XVI. mendeko emakumeak horrenbesteko boterea? Bada, gizona askotan irteten zelako kanpora, ikazkintzan, burnigintzan, itsasoan, garraioan… jardutera. Hori izan zen sorburua; beraz, familiaren etorkizuna emakumearen esku geratu zen eta horrek esparru familiarretik kanpo esku hartzera behartu zuen.

Onartzen ote zuten garai hartako gizonezkoek botere hau? Ala orduan ere matxistak ziren? Azpiazuk berak ez omen daki zein izan zen gizonezkoen erantzun zuzena, "baina dokumentu ofizialetan agertzen bada halako emakumek bere borondatea egin zuela, nahiz eta gizonak nahi ez, horrek onartzen zela esan nahi du, bestela ez zen idatzirik agertuko. Dokumentu ofizialek aukera hori emateak legearen egitura itxian zulo asko zeudela esan nahi du, eta emakumea horietaz baliatzen zela".

Baina emakumeak ondorengo mendeetan galdu egin zuen gizartean zuen leku eragile hori. Arrazoiak? Alde batetik, bere pentsamoldea kontuan izanik, elizak ez zuen eragin gutxi eduki horretan. Bestetik, XVI. mendearen bukaeran gerrateak eta izurriteak izan ziren, eta horiek ekonomia arloan beherakada izugarria eragin zuten.

Gaur egun, oraindik lanpostu askotarako gizonezkoak bakarrik eskatzen dituztenean, gezurra ematen du kontatutako guztiak, ezta?

M. Egimendi