Alemaniako landerretako barne ministroek hiri handietako ziurtasun neurriak zorroztea erabaki dute leku publikoetan izaten den delinkuentzia txikiari aurre egiteko. Zigortuko diren ekintzen artean lapurtzea, bazterrak zikintzea eta abar, bada portaera bitxi bat: modu erasokorrean eskean ibiltzea. Baina zer da "modu erasokorrean" hau? Nik neuk izan ditudan esperientzietan Kleingeld beti era politean eskatu didate, hitzez eta doinuz errespetatuz. Ez dut behin ere erasokortasunik sentitu. Inoiz labana zintzurrean jartzen badidate bestela pentsatuko dut, noski, baina hori aspaldian zigortua du kode penalak eta, oker ez banago, beste izen batez izendatua. Zer kalte egiten du eskean dabilenak gizartearen alde ez hain atsegina, pobrezia edo bizioa, berdin dit, agerian uztea ez bada? Delhi, Kairo edo Quiton zilegitzat jotzen duguna lotsagarria da gurean? Gure kaka urrezkoa da, ala? Zenbat erreberentzia egin beharko dute hemendik aurrera eskaleek? Zenbat bitte esan beharko dute eskua luzatzerakoan eta zenbat vieien dank! dirua jaso ostean? Zergatik sala dezake bankuko gorbatadunak eskalea kalean honen jarreragatik eta bezeroa bulegoan ez, kredituaren gehiegizko interesengatik protestaka hasten zaionean? Ez al dabil hau ere modu erasokorrean eskean bere pisurako eskubidea aldarrikatzen, txiro, alkoholiko edo yonkiak bere paradisurako eskubidea bezalaxe? Batak dirua bueltatuko diolako eta besteak ez? Posibilitate hauek ez dira beti % 100ekoak bi eskaleon kasuetan: lehenak Bahametara alde egin dezake; bigarrenak diru mordoa irabazi makina batean eta oraindik ezkinan beherapenak ikusten ari den eskuzabalari dirua itzuli interes eta guzti. Laster polizia gehiago izango dugu geure miseriak kontrolatzeko. Eta zer gertatuko da kalean paperen eske ibiliko diren sheriff horiek inoiz eskale erasokorrak izan edo izango garenengana tonu iraingarri, begirada bortitz edo irribarre maltzurraz -hau da, modu erasokorrean- hurbiltzen bazaizkigu? Nork jarriko die mozaia txakur hauei? J.M.Pastor (Euskaldunon Egunkaria 1998ko Otsailak 8) |