www.santurtzieus.com

EZETZ, EZ ZIRELA ESTRALURTARRAK...

Beste mundu batzuetan bizitza eboluzionatua (estralurtarrak) egon dadin zenbait baldintza eta kasualitate behar dira. Gizakion kasuan faringea luzatu egin zen eta horrek hotsak modulatu eta fonemak sortzea ahalbidetu zigun, milaka hizkuntza desberdin sortuz. ez da oso arrunta eboluzio mota hori beste inon gertatzea (Lurrean milioika espezie daude eta bakar batek garatu du ahalmen hori). Papagaioek modula dezakete, baina ez dute bururik zer esan jakiteko. Izurdeek oso burmuin garatua dute, baina ezin dute fonemarik ahoskatu. Estralurtarrak gure antzekoak izateko, zenbait baldintza batu behar dira espezie bakar batean: faringea edo antzeko zerbait, fonemak koordinatzeko gauza den burmuina, entzumena…Beraz, ez da erraza gu bezalako beste izaki batzuk egotea beste mundu batzuetan.

Estralurtarrak badiren ala ez jakiteko hiru baldintza bete behar dira: hurbiltasuna, erlatiboa bada ere (lau argi-urte oso hurbil izango litzateke, gure galaxiak ehun mila argi-urte baititu). Galaxiaren beste muturretik seinale bat bidaliko baligute, mila mende beharko lituzke guregana heltzeko (beraz, seinalea jasotzean, edo eurak desagertu dira edo gu desagertu gara). Beste baldintza bat, beraz, denboran kointziditzea da eta, hirugarrena, interes komunak edukitzea: baliteke beraientzako gu ez izatea interesgarriak, edo komunikatzeko beste modu bat edukitzea eta ezin izatea gurekin komunikatu. Denbora dimentsioa oso desberdina bada ere oso zaila da gure zibilizazioa eta eurena konpatibleak izatea (imajinatu estralurtarrak segundo batzuk edo ordu batzuk bizitzea edo, alderantziz, hogei mende).

Gaur egun bizitza estralurtar eboluzionatua bilatzeko egiten ari den benetako ahalegin bakarra espaziora irrati eta elektrizitate seinaleak igorri eta entzuten geratzea da, ea norbait gurekin komunikatzen den. 30 urte daramatzate zientifikoek horretan eta oraindik ez da ezer lortu.

Estralurtarren untzi bat etorriko balitz, hurbildu ahala, leku desberdinetatik ikusiko litzateke, Lurra borobila delako eta mugitzen ari delako. Gainera espazioa etengabe zainduta dago sateliteen hondarrez eta beteta dagoelako, eta horiek talka egin dezaketelako bidaltzen diren untziekin. Zentimetro gutxiko trasteak ikusten badira, nola ez ikusi estralurtarren untzi bat? Baina badira denbora osoan argazkiak ateratzen ari diren sareak ere, Lurra jo dezaketen meteoritoak, kometak eta antzekoak bilatzeko. Eta horiek ere ikusiko lituzkete untziak. Espazioa zaintzen ari den tresna piloa egon arren, ez dute inoiz ezer ikusi. Azalpenik gabeko argiek, Ruiz de Gopeguiren ustez, ez dute esan nahi estralurtarrak direnik. Duela asko agindu omen zuen NASAko administratzaileak bitarteko guztiak jarriko zituela untzi estralurtar baten zatiren bat zuen edozeinen esku, eta ez diote batere eraman...

Egin diren azken azterketen arabera, ilargirako bidaiei atarramentu ekonomikoa ateratzeko modu bakarra turismoa omen da. Ostatuak ipin daitezke Lurraren orbitan eta ilargian, Lurra goitik ikusteko eta grabitaterik eza sentiarazteko bezeroei. Horra iristeko ez dago prezioak merkatu eta garraioen seguritatea handitzea besterik.

Gainera, garai batean ilargira joateko oso ezaugarri fisiko onak behar ziren, baina gaur egun hori ere aldatu egin da. Baldintza batzuk behar dira (hegazkinean zorabiatuz gero kohetean ere ez zara ondo ibiliko), baina orain ere zenbait lekutara joateko prestakuntza beharrezkoa da (txertoak eta abar). Bada, orduan pakete turistikoan sartuko litzateke ilargira joateko astebeteko prestakuntza. XXII. mendean, beraz, bidaia turistikoak egingo dira Lurraren orbitara eta ilargira. Hori hurbil dago, baina ez dago ilargira joateko bidaia agentzia zabaldu zuten ipar amerikar haiek bezain ipurtarina izan beharrik.

M. Egimendi