Belauntza garagardotegian euskal labela duen garagardoa dastatu ahal izango daEUSKAL HERRIAN nobedade den gari garagardoak ez du musikarik, ez eta gainerako herrietako garagardoek ez duten osagai berezirik ere. Hala ere, badu bereizgarririk. Lehenengo aldia baita garagardoa etxean egin dutena. Urnietan bertan (Gipuzkoa), hain zuzen ere. Horrez gain aipagarria du lehengai onak erabiliz modu naturalean egindakoa dela. kontserbatzailerik gabe eta prozesua mimatuz, dastatzaile adituen ustez kalitate handiko garagardoa egin dute Urnietako Belauntza garagardotegian. Abenduaren 2tik atzo arte VII. Garagardo Jaia izan da hantxe. Aurten egun horietaz baliatu dira produktu berria ezagutarazteko. Urtero moduan hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte bertako jabeek.. Horien artean, Donostiako Gaztelumendi abesbatza omendu dute bete dituen 75. urteurrenaren harian. Gaztelumendiko abeslariek izan zuten aukera garagardoa probatzeko. Prost (topa egitea alemanieraz) ozen batekin eman zioten bizia garagardoari. Euskal Herrian ohitura handia dago edariak ekoizteko Txakolina, sagardoa eta ardoa ondo erroturik daude gure herriari. Garagardoak, ordea, edan asko edaten bada ere, ez du hemengo labela izateko tradiziorik. Manu Martin garagardoaren egileak eman dizkigu jakinahia asetzeko adina xehetasun. Martinek adierazitakoaren arabera, jendeak oso gustuko du garagardoa edatea, eta dezente edaten da, gainera. Beraz, asko edaten bada, zergatik ez egin? Hori pentsatu, eta martxan jarri ziren. Hori bai, garagardoa egiten ikasteko prozesu neketsua pasatu eta gero. AMAGOIA MUJIKA URNIETA |