www.santurtzieus.com

GAIXOTASUNAK SENDATZEN LAGUNTZEKO

Lurrin bat lasaigarria izan daiteke; edo suspergarria, alaia, dinamikoa eta bizigarria, baita lo-eragilea ere. Landareek, ordea, beste propietate batzuk ere badituzte, eta horien artean terapeutikoak. Aromaterapiak ezin du ohiko medikuntzaren alternatiba izan, baina hainbeste botika gabe sendatzen laguntzeko oso baliagarria izan ohi da. Hona hemen aromaterapia aplikatzen zaien gaixotasun arrunt batzuk:

Artritisa: kaltetutako tokian zapi beroak jartzen dira (goizean eta gauean) ur berotan nahasi koilarakada bat sagar ozpin, bina tanta pinu olio eta zipres olio eta izpiliku olio tanta bat; nahasketan busti toaila eta jarri kaltetutako lekuan.

Bronkitisa: koilarakada bat galorratz edo soia oliotan eukalitu olio esentzial bi tanta bota, eta bizkarra eta bularra igurtzi. Baporizatzaile bat jarri gelan, litro erdi ureko 15 tanta eukalitu olio.

Buruko mina: garondoan eta lokietan masajeak eman nahasketa honekin: koilaratxokada bat mahats ale olio eta tanta bat ispilu, erromero edo salbia olio esentzial.

Erreuma: 100 gramo linazi olio eta hamar tanta erromero oilo esentzial nahastu eta kataplasma bat egin, eta mindutako lekuan jarri; bero dagoen bitartean eduki, toaila baten laguntzaz, egunean bitan. Beste erremedio bat: nahastu bi koilaratxokada soia olio, bost tanta pinu polio esentzial eta beste bost tanta limoi olio esentzial, eta masajea eman mindutako lekuan.

Eztarriko mina: gargarak egin (bospasei aldiz egunean) basokada bat uri bi tanta salbia olio nahastuta.

Hotzeria: bularra hartuta:almendra oliotan eukalitu edo pinu olio esentzial tanta bat nahastu eta bularrean eman. Lehen sintomei aurre egiteko: nahasketa bera sudurraren pean eta bularrean eman.

Katarroa: bainu beroa hartu eta urari 15 tanta eukalitu olio esentzial bota; edo ur beroarekin eta tanta bat eukalitu oliorekin egindako nahasketaren inhalazioak egin.

Sukarra: bainu bero bat hartu; bota urari hamar tanta olio esentzial hauetako batenak: eukalitua, izpilikua, erromeroa. Masajea eman garunean, lokietan, eskuen gaineko aldean eta oin azpietan nahasketa honekin: koilaratxokada bat galorratz olio eta bainurako aholkatutako olio esentzial baten bost tanta.

Koldo Aldabe

Euskaldunon Egunkaria, 1997-XI-30