www.santurtzieus.com

GALTZERDIETAZ

Ni ez naiz superstiziosoa nerez. Baina gustatzen zait izatea, txantxetan bada ere. Ez naiz maniatikoa ere, baina baditut zenbait xehetasun arrazoiaz gaindi daudenak. Nabarmenena, hala ere, galtzerdiena da. Beti beltzak jazten ditut ahal dela, egunik garrantzitsuenetan bederen. Badakit horrek ez didala suerterik ekarriko, horrek ez didala biderik erreztuko edo adore berezirik emango, baina badakit baita ere horiek ez eramateak ez didala ezer onik ekarriko.

Nire galtzerdiekiko atxikitasuna aspaldikoa da. Gogoan dut txikitan sekulako nazka niela nere baldarrean orpoa behar zuen tokian jartzen asmatzen ez nuelako eta amaren errietaz gainera, jolasean jardun eta gero galtzerdiek hankaperaino irristatzean sortzen zuten sentsazio zikin hura jasan behar izaten nuelako.

Txikitan, banituen oso galtzerdi kuttunak ere. Pare bat behintzat, aitonak Valentziatik ekarritako ronbodun batzuk. Gogoan dut nekez kentzen nituela eta hamaika zurtzitu eman izan ziela amak edo amonak galtzerdi haiek abandonatzeko azaltzen nuen setarengatik. Gero, gaztetan, zuriak gustatzen zitzaizkidan eta zuritik mugituko ninduen biborik ez zen jaio. Baina, galtzerdi zuriak mokasinekin eramate hori oso moda arrunta eta xehea bihurtu zenean, uko egin behar izan nien behiala hain maitatuak nituenei, igandeetako arropaz jantzia doan edozeinen itxura ez hartzeko. Jaspeatuak, grisak, marroiak eta holakoak ez dira nire aukeretan sartzen, serioegiak dira, zaharrentzakoak. Beste aukera bat, galtzerdi fosforito eta marrulariak jaztea litzateke, baina horiek ere ez didate talanik egiten. Ia kilometrora ikusten dira eta itxura gazteegi eta perukoegia itsasten dizute.

Azken aukera, galtzerdi garden edo erdi trasparente horiek jaztea litzateke. Oso modernoak, klase haundikoak, politiko, yupi eta honelakoen gustokoak. Baina politak dira ba, nere hanka bizartsuak edozeinen begi aurrean bista bistan jartzeko!

Beraz, galtzerdi beltzak erabiltzea baino ez zait geratzen nere buruarekin gustora antzean ibiltzeko. Badakit inozokeria hutsa dela bai hori eta bai artikulua ere, baina gaur galtzerdi ronbodun zatar batzuekin kaleratu naizenetik banekien ezer sanorik ez zitzaidala sortuko.