www.santurtzieus.com

GAZTAINAK ERRE ARTEAN

BATEN BAT 30 egun barru Gabonak ospatuko ditugula ohartu gabe badago, badu bere aukera telebista piztuz gero. Publizitateak agintzen du, eliza katolikoarekin batera, gizartearen urtekari soziala. Lehen panpinen iragarkiak izaten ziren jai mesianikook azpimarratzen zituzten esponenteak. Egun, ordea, panpinak ez daude batere modan, top model mediatikoen irudi glamourosoak goraipatzeko ez badira. 40 urte inguru dituzuenok gogoratuko zarete las muņecas de Famosa se dirigen al portal...abesti monopolistikoaz. Hura baitzen Gabonetako lehen eta azken ikono hipnotikoa. Orain panpina gutxi saltzen da. Neskei ez diegu oparitzen, haien amatasun sena hazi eta puztu baino lehenago ez lehertzearren. Eta gehienak oraingoz ez dira mutikoei oparitzen ausartzen...Beraz, panpina telebisiboek, silikona eta latexezkoak ez direnean, Belengo portalaren atariko zentzu birjinala galdu dute pixkanaka-pixkanaka. Publizitateak ondo baino hobeto neurtzen du audientziaren eros-ahalmenaren espazio hipotetikoa. Eta gure umealdiaren izaera berriak kontutan hartu behar ditu negozioa antolatzeko orduan.

Hipermerkatuetan egin behar diren ehun metroko lasterketako lehen hesiak turroiak dira egun hauetan. Eta kalez kale dabiltzan eskaleek ondotxo dakiten bezala, Gabonetako saski enpresarialen katalogoak irakurtzeko, ez dago arkitektura urbanistikoa janzten ari diren bola eta izarren argia baino ezer hoberik. Gabonetako programazioa aurreikusteko modukoa baldin bada, zer esanik ez barneko publizitatea...Abenduan bakarrik edaten den Kataluniako edagarri burbuilatsuaren protagonisten izenak badakizkigu jadanik. Eta haien izenak ahoan mastekatzen ditugun bitartean, txanpainarena ere aipatzen dugu inkontzienteki. Aurten, horietako bat Ainhoa Arteta Euskal Herriko lehen diva izango da. Begiak itxi eta iragarkia ikus dezaket, oso iluminarioa ez naizen arren. Birjina ez naizenetik Gabonak gorrotatzen ditut. Telebistakoak, berriz, birjinoxoak eta gehiago dira. ETBkoek, adibide gisa, izpiritu santuaren txoritxoa direla uste dute. Eta oraindik ez dituzte Santa Agedara eraman. Laster, abendu bukaerako oporraldi kontsumista-kristau-kapitalistaren programa argitaratuko dute prentsaurreko batean. "Ez dakit zenbat pelikula, zenbat saio berezi eta ez dakit zer"eskainiko dizkigutela esango dute. Publizitatea subliminala balitz bezala, ez dute, ez, argitaratuko zenbat iragarki saldu eta sartu nahi izango dizkiguten. Ez horixe.

Ines Intxausti EGUNKARIA 1998/XI/19