Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren osasun egoerak onera egin duela dioen inkesta bat eman zuten ezagutzera joan den astean. Iņaki Azkunak zuzentzen duen Osasun sailak egin du inkesta hori, eta horretarako 4.000 etxebizitzatara egin dute bisita. Orotara 12.700 pertsonaren osasun egoeraren berri izan dute. Aurreko inkesta orain dela bost urte gin zuen Osasun sailak, eta orain egindako galdeketak erakusten du, oro har, herritarren osasun egoerak hobera egin duela. Nolanahi ere, salbuespenak ere badira. Izan ere, kontraesanak ere nabaritzen dira inkestak ematen dituen datu batzuen artean. Hala, 1992tik hona, ariketa fisikoa egiten duten pertsonen kopurua nabarmen hazi da; baina era berean, handitu egin da denbora berean gizenen zenbakia. Kirolik egiten ez duten helduen ehunekoak zazpi puntu egin du behera azken bost urteotan: 1992an herritarren %36k ez zuten inolako ariketa fisikorik egiten, eta orain, ordea, %29 besterik ez daude talde horretan. Datu horri kasu egingo bagenio, gizenen kopurua ere txikiagoa izan beharko luke gaur egun. Errealitatea, baina, zeharo ezberdina da. Inkestaren arabera EAEko biztanleen %10 gizen daude, eta duela bost urte %8,5 bakarrik ziren lodiak. Emakume eta gizonen artean ere badira ezberdintasunak. Adin guztietako emakumeek egiten dute orain dela bost urte baino ariketa fisiko gehiago, eta gizonen artean, berriz 45 eta 64 urte artekoen artean. Eta badirudi gizen egoteak baduela lotura ahalmen ekonomikoekin. Izan ere, gizen egoteko aukerak hirukoiztu egiten dira ahalmen ekonomiko txikia duten gizon-emakumeen artean. Eta Azkunak adierazi duenez, hori ez da EAEn bakarrik gertatzen. Beste komunitate autonomoetan, joera berdina da, eta Europako herrialdeetan ere bai. |