Guggenheim Bilbao Museoak ateak zabaltzen dituen honetan, hainbat helburu bete nahi ditu: gure garaiko arterik esanguratsuena bildu eta interpretatzeko aukera ematea, arte-hezkuntza indarberritzea eta jendearen ezagutza sendotzea, eta aldi berean Solomon R. Guggenheim Foundation-eko bilduma zabala osatzea. Joan den 20ko hamarkadan Solomon R. Guggenheim eta Hilla Rebay bere aholkulariak fundatutako erakunde horrek, joan zen mendearen amaieratik gaur egun artean mendebaldeko kulturak sortu duen arte bisual osoaren erakusgarriak dauzka. Bilduma zoragarri hau Fundazio berak kudeatzen dituen hiru museotan batuta dago: Solomon R. Guggenheim Museum, Guggenheim Museum SoHo, biak New Yorken, eta Peggy Guggenheim Collection, Venezian. Euskal Administrazioen eta Solomon R. Guggenheim Foundation-en arteko lankidetza paregabeari esker gure mendeko kultur proiekturik handienetako bat gauzatzea lortu da: Guggenheim Bilbao Museoa. Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma iraunkorrak mende honetako azken lau hamarkadetako artistarik nabarienen obrak dauzka bereziki, eta solomon R. Guggenheim Foundation-ek lagatutako fondoez- Pop Art, Minimalismoa, Arte Povera, Arte Kontzeptuala, Espresionismo Abstraktua, eta beste hainbat estilotako adibide esanguratsuak barne harturik-, eta Fundazioak antolatzen dituen programazio bereziez osatzen da. Gainera, Guggenheim bilbao Museoaren zenbait areto muntadura monografikoetara zuzentzen dira eta beste zenbaitek kokapen bereziko obrak dauzkate, hau da, espreski museo honetarako egindako lanak dira. Espainiako eta euskal Herriko gaur egungo arteak ere badu ordezkapenik, gure artistarik onenen lanen aukera eskainiz, orokorrean gure artearen joerarik egungoenen ikuspegi zabala ematen dutelarik. |