www.santurtzieus.com

HAMID

Hamid duela 19 urte sortu zen Marokon, Bulman eskualdeko Bel Hasnat herrixkan. Aljeriako mugatik hirurehun bat kilometrora. Berrogeita hamarren bat etxe besterik ez dago Bel Hasnaten eta ia denak dira behartsuak. Sei haurridetarik bigarrena da eta nebarrebak bezala larre motxean hazitakoa, gosea pasatutakoa. Mutikotan hasi zen Marokotik, hirugarren mundutik lehenera etortzeko aukerei bueltak ematen, baina ez zuen modurik ikusten, horretarako hark zuena baino sos gehiago behar baitzen. Halere zailtasunen beldurrak baino indar gehiago zuen Europa zoragarri ustekoaren lilurak, eta ez zitzaion axola putzuaz bestaldera heldutakoan nora jo eta non laguntza eskatu ez jakitea. Eskola, lagunak, jaiotetxea eta sendia Bel Hasnaten utzirik, Tangerrerainoko bidaia egin zuen nola-hala, handik Europaratzeko moduren bat izango zuelakoan. Beste gazte batekin egin zuen lehen ahalegina baina, laguna igerian motel xamarra izaki, berehala atzeman zuten eta galdezka hasi zitzaizkionean Hamiden berri eman zien aduanetako poliziei. Orduan, bigarren ahalegina bakarrik egitea hobe zuela pentsatu eta, Espainiara zihoan lehen untzirainoko bidea igerian eginik, nolabait lortu zuen gora igotzea. Jo batera-jo bestera, garajera heldu zen azkenean eta hantxe ezkutatu bidaia fini zela ohartu zen arte. Hainbat ibilgailuren artean zegoen autobus bakarrean sartzea bururatu zitzaion baina, poliziek goitik behera miatuko zuten beldurrez, motorrean sartu zen. Motorra martxan jar zezatenean ez erretzeko, txamarra jarri zuen azpian, ipurdia kixkaltzeko gutxi falta zitzaiola autobusa lehen aldiz gelditu zenean, salto egin eta ihesari eman zion.

Erabat galduta baina pozik zegoen Hamid, azkenik Europara etortzea erdietsirik. Egunez ezkutatu eta gauez ibiltzen zen, poliziei iheska. Algeciras inguruan emazte zahar batekin topo egin zuen arte. Hark jana, ohea eta jantziak eskaini zizkion eta, penintsula hegoan baino iparrean lana errazago atzemango zuela adierazirik, sakelean hamabi mila pezeta eta Bilborako tren txartela sartu zizkion. Bilbotik Donostiara jo zuen Hamidek eta Igeldo inguruko etxe huts batean lo egin eta Caritasek emandakotik janez iragan zituen bederatzi hilabete. Giza laguntzarako erakunde horrek antolatutako kanpamendu batean parte hartzen ari zela, Gipuzkoako herri txiki bateko emakume bat ezagutu zuen . Mutiko fina iruditu zitzaion nonbait eta lanerako amorratzen zegoela oharturik, baserri batean lan egiteko prest ote legokeen galdetu zion. Ez zuen denbora asko pasatu Hamidek erantzuna pentsatzen.

Urte t´erdi da baserri horretan lanean hasi zela. Ganaduei azpiak atera, pinudiak garbitu…denetik egiten du Bel Hasnateko afrikar gazteak. Baita zerriak gobernatu ere, nahiz eta erlijioagatik gero haien haragik jan ez. Inguruko baserritarrek ezin zuten Hamid izena gogoan hartu eta berriz bataiatu zuten. Patxi da orain gehienentzat. Abentura hori egitera ausartzen diren herkiderik gehienek baino zorte gehiago izan du Hamidek eta oso gustora bizi da. Halere, ama du gogoan. Ama, aita, nebarrebak. Egunen batean haiek ere duintasunez bizitzen ikusi nahi lituzke, eta hori lortzeko lanean segitzeko asmoa du. Lanean, beltzek bezala lanean.

Xabier Euzkitze (Egunkarian)