www.santurtzieus.com

HOMOFOBIAREN AURKAKO OIHUA

Datorren larunbatean manifestazioa egingo dute Espainiako estatuko gay, lesbiana eta transexual taldeek Madrilen. Beren eskubideak defendatzeko eta jarrera homofobikoak salatzeko egingo dute manifestazioa, eta han izango dira Euskal Herriko zenbait talde ere. Gure eskubideen alde eta Denok homofobiaren aurka leloek ondo laburbiltzen dituzte manifestazioko aldarrikapenak.

HOMOFOBIAREN AURKAKO OIHUA

«MANIFESTAZIO honekin lege aldetik hainbat aldaketa egin dadila eta instituzioek homosexualen, lesbianen eta transexualen diskriminazioaren aurkako neurriak har ditzatela eskatu nahi dugu». Lander Etxebarria EHGAMeko (Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua) kidearen hitzak dira horiek. EHGAMez gain, ALA, Agerian, Euskal Herriko Lesbiana Feministen Kolektiboa eta Gaytasuna euskal taldeek larunbatean Madrilera joateko deia egin dute.

1995eko azaroan egin zen aurreneko aldiz gay, lesbiana eta transexualen aldeko Espainia osoko manifestaldia, PSOE agintean zegoenean. Etxeberriak dioenez, «PSOEk neurri batzuk hartuko zituela hitz eman zuen eta ez zen betetzen ari. Hilabete gutxi falta zirenez hauteskundeetarako, denbora gutxi geratzen zitzaion gobernuari agindu horiek betetzeko. Horregatik egin genuen manífestazioa». Hurrengo hauteskundeen ondorioz, PPk eskuratu zuen boterea, baina egoera ez zen batere aldatu. Hori kontuan izanda, beste manifestazio handi bat egiteko erabakia hartu dute. «Instituzioek erabakiak hartu behar dituzte, ez baitago arrazoirik inor ezberdin tratatzeko egiten duen sexu aukeraren arabera", gaineratu du Etxebarriak.

Azken aldian jazotako gertaera batzuek ere izango dute tokia manifestazioan. «Sitgesen (Katalunia) Poliziak jendea fitxatu du bere harreman homosexualengatik edo giro homosexualeko tokietan egoteagatik; eta hori gure esparruan ere gertatzen da. Agian ez Sitgesen gertatu den neurrian baina Euskal Herrian ere izaten dira arazoak zenbait tokitan poliziekin, horietako batzuek ez dutelako onartzen sexu bereko bikote bat».

Europako Parlamentuak gay, lesbiana eta transexualen kontrako bazterkeria amaitzeko neurriak hartzeko eskatu die Europako Batasuneko herrialdeei, baina instituzioek gaiari heltzeko beharrezko neurririk ez dutela hartzen irizten diote gay eta lesbianek. EHGAMeko partaidearen ustez, «alderdi batzuk prest daude ezertara behartzen ez duten erabakiak hartzeko, baina zerbait aldatzeko aukera daukatenean ez dute ezer egiten. Adibidez, Bizkaiko Batzar Nagusietan errenta aitorpenari buruzko proposamen bat onartzeko aukera izan zuten eta ez zuten egin.».

Hamabi puntuko agiria

Espainiako. lesbiana, gay eta transexual taldeek hamabi puntuko agiria kaleratu dute. Edozein ekintza homofobiko zigortzea, heziketa sexualean aniztasuna bultzatzea, leku publiko eta pribatuetan adierazpen afektiboak egiteko askatasuna, berdintasun osoa, bazterketa sexuala egiten duten erakundeei dirulaguntzarik ez ematea, GIBa prebenitu eta GIBdunak zaintzeko neurriak hartzea dira, besteak beste, agiri horretan agertzen diren puntuetako batzuk. Bestalde, beste herrialde batzuetan (Nikaraguan, Ekuadorren, Txilen eta Errumanian bereziki) homosexualitatea zigortuta dagoela salatu dute talde horiek.

Euskaldunon Egunkaria