www.santurtzieus.com

HOTZ

Ez da giro eta mukiak estalaktita bihurtzekotan ditugu. Ez Mariano Medina, ez Andoni Aizpuru, ez Maldonado, ezta (barkatu oraintxe bertan bekatuarengatik), ezta nioen, Pello Zabala ere, ez ditut ene aldareko santuak. Igogailuan eguraldiaz solas egin baino nahiago dut ixilik egon eta etxeko giltzak topatzeko ahaleginetan murgildu denaren planta egin, bizilagun eta bidaide akzidentalak zuzendutako errepaso integralari ahal den gisan eutsiz. Bortz inporta aldez aurretiko eguraldiari buruzko gogoetak baita ondorengo konstatazio enpirikoak ere! "Bihar ikaragarria bota behar omen du" batek, "azkenean atertu eta 30 gradutan izandu gara baina, tira, bihar berriro animaliako erauntsia helduko dela erran dute irratian" bertzeak.

Horrexegatik neroni harrituta nago nolatan ni bezalako egureszeptiko batek dagoeneko paragrafo oso bat erreta duen kontu meteorologikoak bueltaka. Izan ere, goizean goiz ikusi dudan lehendabiziko lankideari ez al diot komentatu bada eta: "Hau hotza, dedios!". Euskaldunok kaletartu ginenez geroztik ez baitugu deus balio. Antigualean aski zen arratsean baso bete ur baserriko lehioaren koxkan utzi eta ernatu bezain laster ura hormatuta ikusita egun osorako lan planak moldatzeko. Orain aldiz, Juanito Oiarzabal baino zortzimilakojale handiagoak baikinen forropolarra eta goretex-ezko galtzontziloak jantzita eramaki eta ezin freskurari eutsi. Siberia-Gasteiztarrak eraman handiagokoak omen dira hotz kontuotan arauaren salbuespena baitira (bertze komiki baterako materiala: Araba como Alaska). Kezkatuta nago bada, gure izakera oin(h)arrizko eta txuleta gordin irensle epeltzen hasita ote dagoen. Bertzerik ez genuen behar eta urteroko Durangoko haize bolada intelektualak ari dira jotzen gure kulturaren atarian. Beharrik oraindik baten bat atorra hutsez ibilki dela negu gorrian eta gure pilotariek (Galarza, Beloki, Eugi eta Errandoneak publikoki) ez dutela "libururik irakurri azken 100 urteotan".

Joxan Oiz EGUNKARIA 1998/XI/24