Iluntzeko "Gaur Egun"albistegia luzeagoa izango daAstelehenetik Xabier Euzkitzek aurkeztutako saioak 50 minutu iraungo du Xabier Euzkitzek aurkeztutako gaueko Gaur Egun albistegia luzatzea erabaki du ETBko lehen kateak. Hala hurrengo astelehenetik aurrera, Gaur Egun saioa gaueko zortzietan hasiko da eta 50 minutu iraungo du. ASTELEHENETIK ostiralera Xabier Euzkitzek aurkezten duen albistegia, Gaur Egun, indartzea erabaki du Euskal Telebistak. Ondorioz, hurrengo astelehenetik aurrera ETBko albistegi guztiak 50 minutukoak izango dira, bigarren kateako bi albistegiek eta Maddalen Iriartek eguerdiko ordu bat eta erdietan aurkezten duenak dagoeneko iraupen hori baitute. Hori horrela izateko, Gaur Egun saioak ordu erdi aurreratuko du hasiera; beraz, zortzi eta erdietatik zortzietara igaroko da. Xabier Euzkitze Gaur Egun albistegiko aurkezleak azaldu duenez, "nolabaiteko erantzukizuna" ematen du euskal hiztunek duten eskaintza mugatuaren zutabeetako bat albistegiak direla jakiteak. Horregatik, Gaur Egun-eko lan taldea "ahalik eta profesional eta zehatzena "izaten saiatzen dela dio Euzkitzek. Julio Ibarra ETBko iluntzeko albistegietako editoreak, berriz, gaurkotasunak ordubeteko saioa eta "baita luzeagoa ere" egiteko aukera ematen duela nabarmendu du. Hala, gertaerak minutu eta erdian kontatzeko aukera izatea "eskertzekoa" da Julio Ibarrarentzat, "albistegiak zehaztasun osoz" eman baitaitezke. Era berean, albistegia luzeagoa baldin bada gai gehiago landu daitezkeela eta aktualitatearen kronika osatuagoa egin daitekeela azpimarratu du Julio Ibarra editoreak. Gaur Egun saioaren iraupena aldatu arren, orain arteko hainbat ezaugarri gordeko dira. Hala, burtsen azken gorabeheren berri ematen jarraituko da, eta Andoni Aizpuruk jarraituko du eguraldiaren berri ematen. Era berean, Gaur Egun albistegiaren ostean ETB Kirolak saioa izango da aurrerantzean ere. Bertan, eguneko kirol albiste garrantzitsuenak biltzen dira. |