www.santurtzieus.com

ILUSIOA DIRU BIHUR DADIN

"Emadazu Gabonetako loteria mesedez". Eskaera ohikoa da egunotan Arantxa Garatek eta alaba Monikak kudeatzen duten loteria administrazioan, Billabonako Kale Berrian (Gipuzkoa). "Agortu zaigu", berriz, azken egunetako erantzuna. "Izan ere, jende asko etorri da", diosku Arantxa Garatek. "Batetik , lehengo urteko jendea etorri da". Iaz han saria egokitu, horrek sortu zion poza ezin saihestu eta bertara egin dute bisita berriro hainbatek.

Horietakoa da, esaterako, Karmele Aduriz. Oiartzuarra sortzez, urte ugari daramatza Zaldibian bizitzen, eta iaz Lasarteko taberna batean erositako loteriak poz handia ekarri zion, Gabonetako Sari Nagusia izaki, diru dezente eskuratu baitzuen. "Poztasun handia izan zen". Horregatik, iazko loteria zenbakia Billabonako administraziotik banatua zela-eta, aurten bertara joan da berriro ere. "Ni oso kontentu nago, eta beste norbaiti egokitzen bazaio hobeto, baina badaezpada ere etorri egin naiz..."

Beste erosle batzuk, berriz, iazko sariak emaniko sona dela-eta joan dira egunotan Billabonara. "Xabierko Frantziskoren egunean, esaterako, Nafarroan jai baitzen, hango jende dezente etorri zen gurera loteria erostera", diosku Arantxa Garatek. Horrek, duda izpirik ez, poz handia sortzen die garatetarrei. izan ere, ia hamalau urte daramatzate loteria saltzen, eta hasiera-hasieratik horrelako zerbait gertatzeko ametsa izan dutela diote. "Esperantza beti izaten dugu guk, larunbatero-larunbatero".

Ametsa iaz distira osoz bete zuten. Izan ere, dirutza izugarria banatu zuten: "21.000 milioi pezeta", gehienak, gainera, erosle askoren artean ondo banatuak (40 milioi libera). Banatu zuten diru guztian pentsatzeak zirrara sortzen dio Arantxari. "Telebistan eginkariak halakorentzako edo bestelakorentzako aurrekontuei buruz-eta hitz egiten diote egunotan Arantxari "Aurten zein zenbaki egokituko ote da?". Ezin jakin. Hala ere, berak badaezpada ere beti zenbaki bera jokatzen duela dio. Ohitura hori duela. Eta ohitura hori arrunt zabalduta dagoela, gainera.

Oso bestelako ohitura, uste eta susmoek ere indar handia dutela dio alaba Monikak. "Jende asko etortzen da, esaterako. Antxon Urrusoloren telebista saioan atera den iragarleren batek zenbaki bat esan duela eta hura erosi nahi dutela esanez". Eta horrelako kontuek jendearen artean eragin handia dutela dio. "Besteren batzuk, berriz, zenbaki batekin amets egin dutela esanez etortzen zaizkizu, eta zenbaki hori erosi nahi dutela..." Honelako kontuetan ez dutela fede handirik diote ama-alabek. Bezeroak txukun tratatzen saiatzen dira, hala ere.

Esate baterako, hainbat bezerori iaz saritu zuten zenbakia ekarri diete aurten propio, 21.856 zenbakia. Garatetarren arabera, erosle horiek fede berezia dute zenbaki horretan, iaz segida horri esker ilusio izateari laga baitzion loteriak, diru bihurtuta.

Arantxa Iraola Euskaldunon Egunkaria, 1999/XII/14