Madrilera hurbilduriko Errealaren jarraitzaileek ez zuten harrera onegia izan. Arratsalde osoan liskarrak izan zituzten Atletico Madrideko jarraitzaile sutsuenekin eta horietako batean Aitor Zabaleta 28 urteko donostiarrak labankada bat jaso zuen ezker bularrean, eta ezker bentrikuloa harrapatu zion. Vicente Calderonen inguruetan gertatu zen, arratsaldeko 6,30ak aldera, eta bertan ziren medikuek zauri larria zela ikusi zuten berehala. Odol asko galdu zuen eta bihotza ere gelditu zitzaion une batez. Hala ere, minutu batzuk igaro ondoren bere onera itzuli zen eta behin ospitalean ebakuntza egin zioten. Poliziaren arabera, aurpegia Atletico Madriden bufanda batez estalirik zuen gazte batek eman zion labankada. |