"Presidente naizen artean ez dugu atzerritarrik izango"
Oso denboraldi ona egin genuen; Barcelonaren aurka azken jardunaldira arte UEFAko leku baten bila borrokatu genuen, Europan oso itxuroso eta ekonomi aldetik ere onuragarri izan zela. Jabier Iruretaren dimisioa izan zen puntu beltz bakarra eta oraindik sendatu ez zaidan tripako mina, gainera. Nahigabe handia izan zen niretzat.
Bundesligan esperientzia handikoa zen, sei denboralditan jarraian bere taldea Europan sailkatu zen, erreferentzia ezin hobeak geneuzkan, baina atzeko zulotik joan zitzaigun. Akats handia egin nuela aitortu behar dut. Izan ere, gorriak ikusi nituen.
Geure nortasuna, geure izateko era berehala ulertu du Fernandezek. Howard Kendallen kasuan bezala, entrenatzaile kualifikatua izateaz gain bere gizatasuna azpimarratuko nituzke. Entrenatzaile batek besazpian gurpildun maleta darama, asmatu ala ez, emaitzek emango diote azken finean arrazoia. Baina, horrez aparte, bai Howardek eta baita Luisek kanpotik etorrita bat batean lur hartu dute Euskal Herrian eta etxeko bat gehiago bilakatu dira.
Horrela dago futbola. Duela gutxi milioi pezeta kopuru beldurgarriak ziruditenak eskupeko bihurtu dira eta zorabio honek iraun bitartean okerrera goaz. Fitxaketak aipatu dituzunez, nire agintaldian eginikoekin asmatu dugula esango nuke. Etxeberria, Alkiza, Goiko, Lizarazu, Jose Mari, Urzaiz bakoitza bere neurrian. Baina denak probetxugarriak.
Badakit hamabost milioi pezetaren truke erosteko aukera izan genuela, baina etzazu begibistatik galdu jokalari nafarraren ibilera: Real Madrilek bidali zuen, gero Albacete, Celta, Salamanca, Rayora joan zen, eta azkenik Espaņoli 425 milioi pezeta ordaindu genizkion. Zorionez, golak eginez jaso dugu gastatutakoaren ordaina.
Aurten Julenek bi eskaintza izan ditu, klausula ordaindu eta dirutza beldurgarriak jarri dizkiote mahai gainean. Berak, ordea, etxean nahiago. Esaterako, zertarako 8000 milioiko klausula Betisek Alfonsori, jokalariak egunen batean beste talde baten jokatzea erabakitzen badu? Hemen gustura ez dagoenarentzat ez dago lekurik. Julenen kasuan ez beldurrik izan, urtetan segituko gu gurekin. Kontratua 2007. urtera arte sinatu zuen.
Athleticen etorkizunak oinarrizko abiapuntu bat du eta hori futbol zelai berria da. Berria diogunean eraberritua esan nahi dugu. Batetik, argi dago San Mames txiki gelditu zaigula geure jarraitzaileen eskakizunetarako. Klub baten oreka ekonomikoa bazkideen kuoten bitartez finkatzen da; hogeita hamahiru mila bazkidetik berrogeita hamar milara pasatzeko ez dut uste inolako arazorik izango genukeenik. Realak Anoetara joan zenetik izan duen bazkide igoera nabarmena lekuko.
Zalantzarik gabe; mendeurrena ospatuko dugun honetan, geure filosofian ez dugu zipitzik aldatu, ezta aldatuko ere. Jokalariak euskaldunak, denak euskaldunagoak bagina hobe, Euskal Herrikoak esango dut. Badakizu, arraunlarien paladak sakonak diren bitartean ez dago arazorik; orain izorratuta gaudenean kanpotarrak beharrezkoak direla entzungo dugunik ezin dut baztertu. Baina neu Athleticeko presidente naizen artean ez dugu atzerriko jokalaririk fitxatuko. |