www.santurtzieus.com

KATAROAK

Kataro hitza grekotik dator eta garbi esan nahi du. Kataroak Frantziako Languedoc-en bizi izan ziren XII eta XIII mendeetan. Noiz iritzi ziren kataroak Languedocera? Esan beharra dago ez zirela inoiz iritzi, kataroak berez okzitaniarrak zirela, baina gehienek zuten erlijio katolikoa alde batera utzi eta erlijio "desberdin" bat hautatu zuten okzitaniarrak. Katarismoa lurralde urrunetatik zetorren, baina praktikatu zutenak Okzitania bertakoak izan ziren. Kataroak bertan izan ziren bitartean, Languedoc eskualdean sentimendu erlijioso asko aldatu ziren. Kataroek euren sinesbidearen errotzea eta zabaltzea ezagutu zituzten; baina, aldi berean, jazarpena sofritu eta merezi ez zuten bukaera tragikoa izan zuten. Zorigaitz horrek kataroak babestu zituen gizartea (Okzitaniako gizarte gailen eta zibilizatua) ere harrapatu zuen.

Euren erlijioari (kristautasunaren bereizketa bat zela esan liteke) katarismoa deitu izan zaio, eurentzako "kristau onen" erlijioa izan arren. Kataro eta katarismo hitzak nahiko berriak dira; esate baterako, Erdi Aroan, albitarrak deitu izan zitzaien eta euren sinesmenari, Heresia Albitarra (izan ere, Albi hiritik hartu zuten izena). Euren erlijioa bikoitza zen: alde batetik, ebanjelioan oinarritzen zen (okzitanierara itzulitako Itun Berria erabiltzen zuten euren sinesmena ezagutzera emateko), eta, bestetik, manikeismoan, hots, dualismoan. Gorroto zioten Itun Zaharrari eta bi jainko zirela sinesten zuten: bata, ona, Unibertsoaren Kreatzailea; eta bestea, Satan gaiztoa, lurraren jaun eta jaungoikoa. Jesus lurra Satanen menpetik askatzeko bidalia izan zela sinesten zuten.

Kataroen erritoak ez dira oso ezagunak, baina badugu garrantzitsuenaren berri, okzitanieraz consolament deitzen zena, eta euren buruzagiak, perfektuak, ordenatzeko erabiltzen zutena. Hilzorian zeuden sinestunei ere ematen zitzaien beste consolament mota bat (horrela perfekzioa hiltzear zeudela lortzen zuten); baina larrialditik onik ateratzen baziren consolament horrek ez zuen inolako baliorik. Perfektuak binaka ibiltzen ziren etxez etxe, diakonoen laguntzaz, euren sinesmena ezagutzera emateko: oinutsik, oso xume jantzita eta zorroa hutsik zutela ibiltzen ziren. Etxe kataroetan bizi ziren, agurea buru zutela, eta etxe haietan bidaiariei ostatu eman eta gazteei euren doktrina irakasten zieten. Andere Perfektuak ere baziren, neskatoen heziketarako.

XII. mendearen erdi aldera kataroen hedapena kontuan hartzekoa zen. Orduan burutu zuten kontzilio batean hiru apezpiku aukeratu zituzten Agen, Carcasona eta Tolosa hirietarako, eta ordurako Albin zegoen apezpikua indartu egin zuten. Ordutik aurrera, kataroen erlijioa Languedoc osoan zehar zabaltzen hasi zen. Aldi berean, Aita Santua kezkatu egin zen eta apezpiku katolikoen eta nobleen partehartzea eskatu zuen kontuak zuzen zitzaten, baina inork ez zion kasu handiegirik egin.

Egoera Inozentzio III.a Aita Santu izatera iritsi zenean aldatu zen, zenbait erabaki bere kasa hartzen hasi zenean. Hasiera batean, zistertarrak bidali zituen, euren abadea buru zutela, hereje bihurtutako katoliko haiek bide onera ekar zitzaten. Ez zuten arrakasta handiegirik lortu, ziur aski, predikatzeko zuten moduagatik, handiki itxurakoak baitziren. Domingo de Guzmanek, berriz, kataroen estiloari jarraiki egin zuen bere kanpaina, baina hark ere ez zuen Erromako Aita Santuak nahi zuena lortu.

Egoera horretan Inotzentzio III.ak alde batera utzi zituen zalantzak eta Tolosako kondearen aldekoek Pedro de Castelnau Aita Santuaren ordezkaria hil zutela aprobetxatuz, gurutzada santurako deialdia egin zuen kataroen eta euren lagunen aurka joateko. Ordura arte gurutzada batek ez zien inoiz kristauei eraso egin eta are gutxiago lurralde kristauan, lehenengo aldia zen. 1209. urtean hasi zen gurutzada hura eta unerik gogorrenak Besiers eta Carcasonako arpilatzeak izan ziren. Zenbait urteren buruan, Montforteko zalduna, Simon IV.ak erabat suntsituta utzi zuen Languedoc eskualdea, perfektuak erretzeko suak nonahi piztuz.

Gurutzatuen eraso militarrak Okzitaniako noblezia eta gizartea erabat suntsitu bazituen ere, Montforteko zalduna hil zenean, kataroak berriro indartu ziren, baina ez luzaroan, Erroman oso emaitza onak eman zituen beste sistema bat asmatu baitzuten: Inkisizioa. Inkisizioaren prozesuak, luze aritu arren, ez zuen errukirik eduki eta abian jarri eta ehun urtera ez zen Languedocen katarorik gelditzen. 1325 inguruan gertatu zen hori, baina askoz ere lehenago, 1244an, errenditu zen Montsegurgo gaztelua, kataroen gaztelurik esanguratsuena. Harekin batera desagertu zen antolatutako Eliza Kataroa.

Jesús Mestre i Godes