www.santurtzieus.com

KE ARTEKO ERABAKIAK

Ke arteko erabakiak. Izenburu egokia larunbat gauetan, hainbat txokotan,bizia ematen diogun pelikularentzat. Taberna bete, edalontzi erdi bete eta zigarro urrituak. Hitz erre, keinu eta laztan ezkutuak. Guztiak, azken guda dantzaren doinuarekin nahasten dira larunbat berriko ilunari zentzua emateko.

Taberna desberdinetan gal gaitezkeen arren, paisaiak gehienetan kolore berak izaten ditu. Argi itzaliak eta zarata ikaragarria. Leiho itxiak eta kea zabalik. Mutilen komuna hutsa eta neskena beti betea. Garagardo eta zuritoen joan-etorriek esanahi gabeko esan ugariri ematen diote paso.Horrela, hizlari sutsuak, haien belarri bihurtutakoak edo edanaren ondorioz mingaina potoldutakoak aurkitzea ez da zaila. Iluntze hauetan solaserako gairik erabilienak, futbola, azken mozkorraren bukaera, nesken begiak, mutilen ipurdiak, laneko gorabeherak, berriz neskak, mutilak eta horrelakoak izaten dira. Betikoak.

Mingainaren dantzak ez ezik, gorputzarenak ere jarraitzaile ugari izaten ditu ordu txikietan, eta musika alkoholaren lagunik onena bihurtzen da kasu hauetan. Batek aldameneko tipo astuna jasan nahi ez duelako, besteak ezagutu berri duen lagunari zer esan ez dakielako eta azkenak hiru kubata edan ondoren lotsa galdu duenez, gorputza askatzen dute zoramenari ongi etorria eskainiz.Larunbat iluntzeko zoramena, nahitaez guztiok ezagun duguna.

Askotan, zoramen horren erdian aurkitzen naizenean, neure buruari galdetzen diot zer duten larunbat gauek hain erakargarri, eta denborak erantzun dit gehienetan hauek izaten direla fruitu desiratuak: askorentzat lagunen kontu berri eta zaharkituak. Beste hainbatentzat izara artea berotzeko, laguna aurkitzeko aukera banakakoak, eta gehienontzat, astean zehar egin, esan edo gertaturikoak aparkatzeko aitzakia beharrezkoak. Horretarako ditugu lagun ezinbesteko ke arteko erabakiak.

Nagore Aranburu Euskaldunon Egunkaria 99/II/23