www.santurtzieus.com

LABURRAK

DROGAREN AURKAKO KANPAINA

Mexikoko Gobernuak areagotu egin du droga trafikoaren aurkako kanpaina, hain zuzen ere EEBBetako lehendakari Bill Clintonen bisitaren ondoren. Hiru urteko plangintza antolatu du, eta 400 milioi dolarreko aurrekontua aurreikusi du Mexikoko Gobernuak drogaren aurkako kanpaina horretarako. Argazkian indar berezietako kide bat ageri da amapola soro bateko landareak ebakitzen, Mexikoko hegoaldeko Guerrero estatuan.

OLATU HANDIEN ARTEAN

Kaliforniako Half Moon Badian surf txapelketa berezi bat ari dira egiten, sasoi honetan itsasoak duen indarra dela eta. "Mendiak gidatzen dituzten gizonak" izenez bataiatu dute ekitaldia. Argazkiko surflaria Evan Slater da, erreskate taldeen begirada zorrotzaren pean olatuei aurre egiten ari dena.

CALVIN KLEINen HAURRAK

Argazkian sofa baten gainean saltoka ari diren bi haur horiek Calvin Klein konpainiaren azken publizitate kanpainako protagonistak dira. Haurrentzako azpiko arropa moda berriaren gaineko publizitatea da, baina polemika handia eragin du EEBBetan, haurrak erdi biluzik ageri direlako. Calvin Klein konpainiak, aldiz, irudi dibertigarriak direla esan du, eta ez du kanpaina eteteko asmorik.

ELURREZKO PANPINA ERRALDOIA

EEBBetako Behtel hiriko herritarrak harro daude boluntario talde handi batek egin duen lanarengatik: elurrezko panpina erraldoia egin dute _argazkiak ez du zalantzetarako biderik irekitzen haren tamainaren gainean-, eta haien ustez munduan ez da oraindik halakorik gaindituko duenik egin. Azken 13 egunetan eguneko hamar ordu lan eginez bukatu dute panpina.

COLIMAko SUMENDIA PIZTU DA

Mexikoko Colima estatuko biztanleak erabat beldurtu ziren iragan otsailaren 12an, bertako sumendiak erupzioa izan zuenean. Sumendiaren laba tontorretik bost kilometroko erradioraino hedatu da dagoeneko, eta agintariek inguruak ebakuatu dituzte. 300.000 lagun bizi dira sumendiaren inguruetan (40 kilometroko erradioan), eta Colima hiriburua tontorretik 32 kilometrora dago.

Euskaldunon Egunkaria 1999-II-21