www.santurtzieus.com

LIBURUEN PREZIOA

Liburu bat erosten dugunean, nola banatzen da guk ordaindutakoa?

Liburuen banatzailea da salmentaren dirua kudeatzen duena. Aurretik, argitaletxeak banatzailearekin negoziatzen du irabazien banaketa eta, gero, banatzailea arduratzen da liburua saltokietara banatzeaz. Salneurria baino gehiago, salneurriaren ehuneko zenbat itzuliko dion negoziatzen du argitaletxeak banatzailearekin. Ohiki, %50 itzultzen dio banatzaileak argitaletxeari.

Banatzailearentzat eta dendariarentzat, beraz, %50 geratzen da. Banatzailearen eta saltzailearen artean ere negozioa eta presioak dira nagusi. Denda txikiek nekez egin diezaiekete presiorik banatzaileei eta, ohiki, hauek jarritako bataz bestekoak onartzen dituzte. Ohiki, %30 jasotzen du dendariak. Jo dezagun liburu batek ehun libera balio duela. 30 libera, beraz, dendariarentzat. Azalera handiko saltokiek eta denda handiek, ordea, liburu asko erosten dituzte eta banatzaileei presioa egiten diete. Kasu hauetan, normalean %35 eta %40 artean jasotzen dute saltzaileek. 35 eta 40 libera artean.

Argitaletxeak, idazleari egile eskubideak ordaintzen dizkio. Liburuaren salneurriaren %10. Hamar libera. Hau da ohiko araua. Argitaletxe batek edo bestek %12 ordaintzen die idazleei, hauek gehiago jaso behar dutela iruditzen zaiolako. Oro har, baina, %10 ordaintzen zaie idazleei.

Argitaletxea %40arekin geratzen da, beraz, 40 liberarekin. Horietatik, besteak beste, inprenta gastuak ordaindu behar ditu. Inprenta gastua aldakorra da liburu motaren, ale kopuruaren eta beste hainbat konturen arabera. Hala ere, fotokonposizioa eta liburuaren azala eginda emanez gero, %20 inguru izaten da inprenta gastuek hartzen dutena. Argitaletxeari, jadanik, %20 bakarrik geratzen zaio, 20 libera. Hortik, diseinatzaileak, zuzentzaileak, liburu aurkezpenak, bidaiak, promozioa eta antzekoak ordaindu behar ditu.

Argitaratu duen liburua itzulpena baldin bada, berriz, itzultzailea profesionala izanez gero, itzultzaileari ere ordaindu behar dio. Itzultzaileek, gainera, liburua saldu ala ez, itzulitako karaktere edo orri bakoitzeko kobratzen dute. Zenbait kasutan, beraz, idazleak berak baino gehiago.