www.santurtzieus.com

MARIA LUISA IRIZAR

Galdera: Esne partitzen ibiltzen zinen Andoainen, eta orain ere baserrian ari zara. Entrenamendu ona al da hori?

Erantzuna: Han ganadua erabiltzen genuen, eta orain ardiak eta oilaskoak ditugu. Entrenadoreak taldeko beste guztiak pisuak altxatzen-eta jartzen zituen, eta ni etxera bidaltzen ninduen, bazekien nik nahikoa gimnasia egingo nuela gero ere etxean. Gainera, zer erremedio...

G.: Adinak ez du barkatzen.

E.: Ni berandu samar hasi nintzen, 15 urterekin, eta 19rekin lehenengo maratoia egin nuen.

G.: Beti distantzia luzeetan aritu izan zara.

E.: Beti esaten zidaten distantzia luzeetakoa nintzela. Normalena distantzia motzetan hastea izaten da, eta abiadura galtzen zoazen eran, 25-26 urterekin-edo, luzera pasatzen joatea. Nik justu alderantziz egin dut eta oso ongi joan zait, egia esan.

G.: Zein distantzia duzu maiteena?

E.: Beti gustatu izan zait krosa egitea negu partean; lokatzetan indarra eta potentzia hartzen duzu hanketan. Hori oso ona da gero pistan jarduteko. Gero, 7-10 kilometroko herri karreretan asko ibilia naiz.

G.: Zer da zailagoa: aurkarien kontra egitea lasterka ala nork buruaren kontra?

E.: Nor bere buruaren kontra korritzea zailagoa da. Nik aurkariari errespetua izan diot, baina sekula ez beldurra, eta marka bat egiteko aukera baldin badaukazu, erlojua izaten da buruan eta ez aurkaria.

G.: Zenbat kopa irabazi ote dituzu denera?

E.: Mordoxka bat. Ez ditut kontatu, baina garbitzen lana galanki ematen dute, bai... Lehen, karrera bat korritzen zenuela, kopa bat ematen zizuten eta etxera. Orain dirua ematen dizute, bazkari bat; gehiago motibatzen du horrek.

G.: Eta dominak?

E.: Espainiako 8 titulu dauzkat, zilarrezkoak 3 eta brontzezko beste bat.

G.: Garrantzi handiena zeri ematen diozu?

E.: Garrantzi handiena errekorrei eman izan diet. Olinpiadetarako gutxienekoa atera nuen, nahiz gero joan ez.

G.: Zer zela eta?

E.:Seulen munduko txapelketan izan nintzen eta eskatutako denborak ere egin nituen, baina Madrildik beti oztopoak nituen: haiek zioten uste baino jende gehiagok egin zituela Olinpiadetarako gutxieneko markak eta horregatik ez zidatela joaten uzten, bidaia gastuak oso garestiak zirelako. Joan zirenak bueltan etorri zirenean, kontatu zidaten Mariano Haro eta abar eraman zituztela publizitatea egitera; haiek eramateko dirua bazegoen eta ni eramateko ez. Olinpiadetara joateko aukera zuen lehen euskalduna nintzen, eta kazetariak hasi ziren horregatik izan ote zen esaten. Madrilgo hautatzaileak ez zuen sekula aurpegia eman eta ez zigun esan zergatik gelditu nintzen kanpoan.

G.: Gaizki pasatu zenuen?

E.: Urtebeterako utzi nuen kirola eta nire mentalitatea asko aldatu zen. Gauza txarrekin oroitzapen gehiago daukat onekin baino. Segitu izan badut, neure afizioz izan da, Madrilgoak alde batera utzita. Hemengo herri karreretan korrituz, hemengo jendeak maite nauelako.

G.: Nola ikusten duzu dopinaren mundua?

E.: Niri makina bat aldiz egin izan didate proba eta ez dut sekula eman. Orain lantokira ere joaten dira medikuak proba egitera. Gauzak asko aldatu dira joan deneko 6-7 urteetan: orain kirolariak hilero egiten dute analisiren bat, eta horren arabera ateratzen denarekin, zuzenean zainera sartzen dizute faltan duzun hori. Ni ez nago oso ados horrekin guztiarekin; dieta ona eginez, janariak berak ematen dio gorputzari behar duena, substantziarik hartu beharrik izan gabe.

Euskaldunon Egunkaria, 1999-IV-18