www.santurtzieus.com

NOR GONBIDATUKO ZENUKE AFALTZERA?

Lagun arteko afaria prestatzea otu zait gaurko eta gonbitea luzatu diet zenbaiti. Argiņanorenean jarri dugu hitzordua, zortziak aldera. Heldu naizenerako han zen jada Arthur erregea, kopatxo bat koņak esku artean. Agurtu eta afaria egiteko ideia txalotu dit. Ginebra erreginak etorri behar zuen itaundu diot eta Arthurrek, hitz gutxiko pertsona izaki, ezezkoa egin dit keinu axolagabe batez, eta bere soak argi utzi dit hobe dela hari batzuetatik tiraka ez ibiltzea.

Minotaurorena izan da hurrengo etorrera, eta buztana astinduz egin digu oles. Betiko janzkera zarpaila zekarren, bere buruari apenas kasurik egiten ez diola agerian, baina badauka elegantzia apur bat. Minotauro glamourosoa dudarik gabe. Arthur erregearen kopari begiratu eta berak beste kopa bat koņak eskatu dio tabernariari.

Penelope izan da jatetxera sartu den hurrengoa. Aurpegi tristea ekarri du, baina hitz egiteko gogorik ez zaio falta eta hor hasi da Itakatik Euskal Herrirako bidaia luzearen gorabehera, xehetasun nimiņoena barne, kontatzen. Baina laster gai batetik bestera jauzika hasi da bere hitz jarioa eta, horrela, Ulisesez kezkatuta dagoela jakin ahal izan dugu, azken aldian makal samar dabilela eta ikaragarri loditzen ari dela, jan eta jan besterik ez baitu egiten.

Azkena, nola ez, Ludwig izan da, bai, Ludwig van Beethoven. Harrituta nauka tipo honek, sekula ez baitut garaiz inora ailegatzen ikusi. Hori bai, bere burua justifikatzen saiatzen da beti, baina ezer lortzetik urrun, dena nahastu egiten baitu gehiago. Ez dakit zenbatgarren sinfonia bukatu nahian zebilela eta trabatuta aurkitu dela edo halako zerbait bota du gaurkoan eta segituan ea norbaitek kopa bat koņak hartzera gonbidatzen zuen, diruz gaizki baitabil, kaleratu duen teknologia puntako azken CD rom-ak ez baitu berak hasieran uste adinako arrakastarik lortu.

Michel Saulaie ere etortzekoa zen, baina jatetxera hots egin digu trena galdu duela esateko.

Boskote ederra, beraz, afaritxoa egiteko.

Mikel Ayllon GARA 2000/III/17