Herrialde gehienek izaten dute Gabon inguruan zorionak ematera eta Urte Berria iragartzera etortzen zaien pertsonaia mitikoren bat. Adibidez, Papa Noël, Santa Claus, Hiru Erregeak eta San Nicolas, ezagunen artean. Pertsonaia hauek umeentzako opariz josita etortzen dira eta hauentzat oso maitatuak izaten dira. Euskaldunok ere badugu geure Gabon inguruko pertsonaia: Olentzero. Nor da Olentzero hau? Nola irudikatu du herriak? Zein ohitura dago bere inguruan? Toki desberdinetan izen desberdinez izan da deitua: Olentzero, Olentzaro, Orentzaro eta Onentzaro, beste batzuen artean. Olentzero izan da nagusitu dena. Hitz honekin, gure pertsonaia honen izenaz gain, urte-garai bat izendatzen da: Gabon eta bere ingurua. Amaitzear dagoen urte zaharra errepresentatzen du Olentzerok. Olentzerok, jatorriz, suarekin du erlazio zuzen-zuzena. Neguko solstizioaren ospakizuna da. Sua eta erretzearen ingurutik etorri dira zenbait interpretazio eta ohitura, adibidez: ikazkin moduan errepresentatzen hastea, tximiniatik behera jaistea edo pipa erretzen agertzea. Hiru kasuetan sua da adierazle garrantzitsua. Sua da zaharra berrizten duena, okerra garbitzen duena. Sua da, indar berriaren adierazle. Zenbait herri euskaldunek pertsonaia gisa errepresentatzen dute sasoi hau eta pertsonaia honek Gabon gauean egiten du bere etorrera: Olentzero da. Gure Olentzero artzaina da zenbait tokitan, nekazaria beste batzuetan, eskuan ote-sorta eta igitaia daramatzala; ikazkina beste batzuen ustetan. Azken jentila dela diote batzuek, Kristoren jaiotza zabaltzera etorria. Zenbait herritan lasto eta trapuz egindako figura baten bidez errepresentatzen dute, eta Gabon gauean, lepoan hartu eta etxez etxe joaten dira kantatzen. Beste herri batzuetan pertsona bat izaten da Olentzeroz janzten dena. Tximini ondoan ere jartzen da zenbait tokitan Olentzeroren irudia, txapela buruan eta igitaia eskuan duela. Igitaia, sua bezala, bizi indarraren adierazle da: zaharra mozten du, kimu berriari lekua egiteko. Badago oso hedatua egon den beste ohitura bat: Olentzero enborrarena, alegia. Enbor baten bitartez ere errepresentatu du herriak Olentzero. Gabon gauean Euskalerriko etxe askotan, enbor handi bat jartzen zen sutan, Olentzero subila hain zuzen ere, hori izanik erretzen zena. Subil honek indar berezia izango du: abereak (ondasun adierazle bezala) eta etxekoak zainduko ditu hurrengo urte osoan. Udako solstizioko sua, San Juan egunekoa alegia, kalekoa den bezala, neguko hau etxeko sua da. Horrela diote gure zaharrek: "Gabonetan plantxan, San Juanetan plazan".Era horretan zenbait herritan oraindik mantentzen da familiako pertsona bakoitzeko egur bat erretzeko ohitura, zaharrenetik hasi eta gazteenarekin amaituz, beti ere gogoratuz etxean ez dagoena, txanda denean bere egurra errez. J.M.Satrustegik "Solsticio de invierno" liburuan dioenez, urtero berritzen den naturako indarren errepresentazioa izan den lehendabizi Olentzero. Kristau pentsamoldeak Kristoren iragarle bihurtu zuen pertsonaia, hasiera batean herrian zeukan esanahia gaindituz. Hirurogeiko hamarkadatik aurrera euskal umeei opariak ekartzero etortzen den pertsonaia dugu Olentzero. Dena den, geure sinboloa bihurtu zaigu Olentzero eta geure gaurregungo gizartera egokitu dugu, herri guztiek egin duten bezala. |