Merkatarien asmakuntza hutsa da hau guztia. Bai Olentzero, bai Errege Magoak, bai Bizar Zuri eta bai hauen antzeko pertsonaia guztiak asmakizun komertzialak dira, seguru nago. Izango dute jatorriren bat tokian tokiko kondairetan edo erlijioan, baina denborak aurrera egin ahala, oinarri hori guztiz desagertu da, eta egun pertsonaiok hain osasuntsu, nonahiko eta pisu izateko arrazoia negozioa da. Gordin eta ozen esanda. Ni neu oso Gabonzalea naiz, inguruko asko ez bezala. Gabon kantak gustatu egiten zaizkit, goroldioa bilduta daukat jaiotza jartzeko, abestera etortzen diren umeei poltsikoan ditudan txanpon guztiak ematen dizkiet, Eguberri gaueko afaria zenbat eta luzeagoa izan hobe, afalondoan puntuan eta eskoban jokatzea oso atsegin dut, urteko telebistako azken iragarkia ez dut ikusi gabe uzten...Ez naute ni triste jartzen Gabonek, ez, eta festa hauek eten gabe kritikatzen ari direnek pena ematen didate. Ume garaitik gordetzen ditudan oroitzapen onenen artean dago etxeko jaiotzan irudiak jartzen genituenekoa, eta ez nago prest plazer honi uko egiteko, ahal dudan bitartean, behintzat. Izango dugu geroago ere horretarako denborarik. Baina Olentzero eta Erregeak ezin ditut jasan. Dendariek asmatu dituzte, gurasooi diru gehiago xahutuarazteko: Olentzerok jostailurik utziko ez dionik ez zaio burutik pasatu ere egiten inongo ume euskalduni; baina Erregeei zapata jartzea ere ez zaio bakar bati ere ahazten. Eta jarri egin behar zerbait. Eta zapata betetzen dugun era berean dendarien poltsikoa ere betetzen dugu. Beste kontu bat da, kezkatzeko modukoa hau ere, zer opari ekartzen duten aipatu pertsonaia arriskutsuok. Gure garaian (aspaldiko garaiaz ari naizela konturatu naiz, ene Jaungoikoa!) beharrezko gauzak azaltzen ziren zapatetan, eskolarako karpeta zela edo futbolerako botak zirela, eta jostailuren bat, kamioiak eta hondeamakinak nagusiki. Orain, berriz, nintendoak, pauermanak eta antzeko jostailu txoropito eta antzuak nagusitu dira. Baina ez umeen gogoz, publizitateak Olentzero eta Erregeak engainatu dituelako baizik. Inozoak. Gotzon Aranburu GARA 99/XII/20 |