www.santurtzieus.com

ORO LAINO MEHE BATEK

Estali du Tegucigalpan goiz honetan. Hurakanak, itxuraz behinik behin, alde egin du. Maria txikiak, zortzi urte, aterpe batean egin du lo, hor nonbait, basatza eta hondakinen artean.

Azken bi egunotan ez ditu ama eta neba-arrebak ikusi. Kale-gurutze batean dago herenegunetik, ama neba-arreba galduen bila joan zitzaionetik, hain zuzen ere. Bertan egoteko agindu zion, laster itzuliko zelakoan. Ez jan ez babesik ez du. Aita ere ez du sekula ezagutu. Txabola auzo batean bizi izan dira beti, ama, bera eta beste lau neba-arrebak, haize erauntsiak, euriak eta abarrek lubizi erraldoia osatu eta maldan behera hango etxetxo guztiak desegin eta eraman arte.

"Alde, alde egin hemendik!". Oihukatu zion amak, lau neba-arrebak etxetik atera nahian zebilela. Etsiturik, lupetzapean ikusi dituzte euren bizitokia eta zer guztiak. handik ihes egin behar eta hirian sartu dira. Jendea noranahi doa, espantuka, izadiaren eraso gogorra saihesteko ahaleginean. Irtenbideak, ostera, inon ere ez.

Maria txikiak badaki eurak pobreak direla. Ez du ulertzen, alabaina, pobre izanda ere, nola izan daitezkeen are pobreagoak.

Laguntzarik behar eta ama auzora itzuli da, ea neba-arreben arrastorik aurkitzen duen. Bide batez, Maria txikiari hitza eman dio, jateko zerbait ekarriko diola.

Gertatua kaleko polizia eta soldaduei adierazi die. Eurek ere, ezin horri heldu, kasu berberak edonon direlako ageri.

Maria txikia kale-gurutzean. Laino mehe hori, ezari-ezarian, altxatuz doa. Gurma tartean, halako mamuen antzera, soldadu batzuk datoz. Lepoetan zaku zuriak dituzte.

"Jatekoa izango al da?", pentsatu du Mariak bere bostean, urdail hutsean zerbait sartuko duelakoan.

Soldaduak aurrera doaz. Deika eta deika jardun arren, alferrik izan da. Entzungor egin diote soldaduek Maria txikiari. Berak ozta-ozta daki irakurtzen. Letra batzuk baino ez. Soldaduen zakuetan kaltetuentzako laguntza irakurri omen du. Ez daki zer egin.

Haize zirimolatsuak firurikan kale-gurutzean. Egunkari baten orrialde galdu eta tolesgabeak inguruan dabilzkio Maria txikiari. Letra handietan irakurri du halako izen berezia, Mitch edo, hori zer den zehatz ulertu gabe.

Inor ez. Maria txikia, gosezturik eta amaren premiaz, negarrez hasi da. Uste du munduan bakarrik dagoela, beste inork ez diola egundo ere laguntzarik emango. Txikia ikusten du bere mundua, handia bere ezina.

Norbaiten zain dago...

Andres Urrutia EGUNKARIA