Isildu zaigu eguna Larre ondoan asuna Zure gomuta saminagoa Bihotz nereko kuttuna.
Eperra garitzan kanta, Ehizeko zakurra zaunka. Teilatu gorriari dario Nigar eta odol tanta.
Belar gainean bildotsa Haizeak leun du hotsa. Etsai-urratsen zarata hitsa Gorrotoaren ostotsa.
Oilarrak harro kalparra Zezena ez da koldarra. Espaina aldean preso daukate Nire senargai zangarra
Eder basoan haritza Pagoa lerden bortitza. Bazter hauetan zenbait jaunskilok Errez jan ohi du bere hitza
Ibaia dator uholde, Haizea uraren golde. Euskal andra-gizonen odola Ez da isuriko debalde.
Sagarrak daude ustelak, Mikaztu dira upelak. Lehengo aldean orain gara gu Abertzale txit epelak
Udako sasoiak uzta, Larrean eder hirusta. Nire bularra zuk laztan ezik Ximelduriko masusta.
Artoa zaigu zoritu Sagarrondoak gorritu. Zu noiz itzuliko itxaropena Ez zait gogotik akitu
Euriak mardul dario, Elurrak dirudi liho. Nire bihotzak ez dezaizuke Sekula esan adio. Usoak dira igaro, Basoak dirau oparo. Nire magal gozo dukezu Zatozkenean abaro.
Zelaiak badu hesia Ereina dugu hazia. Nire erraietan ernatuko da Askazi ezin hezia. HITZAK: Joxe Agustin Arrieta MUSIKA: Antton Latxa (Oskorri) |