www.santurtzieus.com

PERUTARRAK BILBO ZAHARREKO ETXEAK ERABERRITZEN

Egunkari batean irakurri genuen albistea. Bilbo Zaharrean, atzerritarrez, txiroez eta zaharrez jositako auzoan, langabe batzuek etxeak eraberritzeko enpresa bat sortu zuten joan zen udaberrian. Baina hori ez zen harrigarria. Harrigarriena zen enpresari berri horiek perutarrak zirela, auzoan bizi ziren lau perutar xehe. Beren lanpostua sortzeaz gain, hemengo beste langile batzuk hartu dituzte lanerako. Lana sortu eta txiki-txiki eginda zeuden auzoko etxebizitzak konpondu; auzoko bizimoduaren onerako jarduerak biak. Atzerritarrei buruzko albisteetan horrelako gutxi aurkitzen ditugu. Izan ere, gehienetan berri ezkorrei ematen diegu lehentasuna.

San Frantzisko kaleko etxe batean jarri genuen hitzordua, hantxe ari baitziren bi etxe eraberritzen. Bidean, kale horretan bertan, hitzaldi baten iragarkia ikusi genuen. Gaia: Peru. Gero jakin genuen ez zuela zerikusirik gure langile perutarrekin, ez baitzekiten hitzaldia bazenik ere.

Hamar bat urte gurean

Orain dela hamarkada bat etorri ziren gurera. Perun krisi ekonomiko izugarria izan baitzen garai hartan. Alan Garciaren agintaldian izandako lapurretek izan omen zuten zerikusia krisi horrekin. Bolada horretan jendeak lana galdu, eta atzerrira jo behar izan zuten, perutar bilbotartu hauek bezalaxe. Dena den, Bilbora ez ziren asko etorri. Guztira, 50 bat besterik ez daude Bizkaiko hiriburuan. hala ere, badute beren elkartea hilean behin elkarrekin egoteko.

Bilbon beren kontura hasi ziren lanean. Etxeetako konponketa txikiak egiten zituzten: batean, sukalde bat eraberritu; beste batean, komuna. Horrelaxe egin dituzte urteak, nola edo hala hilaren bukaeran etxera soldata txiki bat eramanez. Baina beti larri: "Batzuetan hiru hilabete segidan egiten genuen lanean,-dio Fernandok, Perukide enpresako buruzagitza egiten duenak- eta laugarrenean lanik ez. eta atzerritarrontzat arazo handia da hori. Lanik ez badaukagu ere, lan-baimena eskuratzeko aseguru soziala ordaindu behar dugu eta autonomoetan egon". Jende zintzoa ezagutu dute urte hauetan, atzerritar izanik ere lana eman ziena. Baina atzerritar izatea, gehienetan, oztopo da lanerako.

Ez beti, ordea. Bilboko udaletxeak Bilbo Zaharreko 14 etxebizitza eraberritzeko plangintza aurkeztu zuenean, baldintza bereziak jarri zituen langileentzat. Lehentasuna zuten auzoko langabeek, etnia baztertuetako kideek eta atzerritarrek. Behingoz, atzerritarren txanda zen. Horrelaxe sortu zuten Perukide enpresa. Handik gutxira zazpi etxe eraberritzeko tratua egin zuten Surbisa udal-enpresarekin. Bazuten beraz, hamaika hilabeterako lana segidan. Dena den, tratua izenpetu arteko bidea ez zen erraza izan. dirua behar zuten, bi milioi pezetako abala. Lagun perutarrei eskatzea alferrik zen, diruz gaizki baitzebiltzan haiek bezalaxe. bezero batengan jo zuten laguntza eske, eta hark baiezkoa eman. Hemengo jendea haiekin ondo portatu dela aitortzen dute, beraz.

Lan horrek asko lasaitu ditu. Orain badute egoitza administraziorako eta lanerako. Hortxe egiten du lan Inesek, Fernandoren emazteak. Informatika ikasia du emakume honek, baina Peruko ikasketek ez diote oraintsu arte ezertarako balio izan. Garbiketan aritua da hona etorri zenetik. Orain kontabilitatea eta bestelako bulegoko lanak egiten ditu, ordea. Eta izugarri pozik dago.

Gogoan dute senar-emazteek garai batean nolako komeriak izaten zituzten banketxearekin. Erosia zuten etxearen mailegu pertsonalari aurre egin ezinik ibiltzen omen ziren askotan: "Goizetik gauera aldatu zaizkigu gauzak- esan zigun Fernandok-. Beti nenbilen arrastaka ordainketa horiekin. Lehengoan, berriz, banketxera joan eta non esaten didaten: nork esango zuen orain sei hilabete,beti ibiltzen zinen epea atzeratzeko eta atzeratzeko , eta orain non zatozen akzioak erostera. Sinestezina. Eta hori guztia sein hilabetean. hasi gara noizbait diru-piskat aurrezten, lan honi esker".

HABE 290 zkia