www.santurtzieus.com

ROKANROLA

Laster da balantzeen ordua. Gizaldiko pertsonaia aukeratzekoa, kronologiak egitekoa, jaiotzen ikusi gaituen mende honetakoak hiruzpalau lerrotan laburtzekoa. Nire ustez, zaila da irudikatzen Hitler baino munstro erabakigarriagorik, edo bonba atomikoa bezain inbento ikaragarririk, mende hau definituko dutenik. Baina, seguruenik, balantze gehienetan, alderdi positiboak nabarmenduko dituzte gehienek. Akaso optimistak garelako, akaso engainaturik bizitzea nahiago dugulako.

Niretzat, 20.mendea rokanrolaren mendea da. Hori da milurte amaierako inbentorik onena, nire ustez. Rokanrola, bere zentzu guztietan: garajeetako errebeldia zaratatsua, eta diskoen mega-industria kapitalista modernoa, rock gogorra, pop biguna, tekno pastilleroa, soul beltza, reggae benetakoa eta imitaziozkoa, sekula asmatu den musikarik unibertsalena eta, nire gustorako, onena, bizigarriena.

Mende amaiera honetan, auditorium erraldoiak egiten dituzte gure hiriburuetan opera emanaldiak, hamabostaldi klasikoak, abesbatzen lehiaketak eta Ainhoa Artetaren zortziko bildumak errepresentatzeko. Kultura jasoa hori omen da: niretzat kaka aspergarria besterik ez da. Mozart ez da ezer niretzat, baina gaztaroko C-90 zaharretan grabatutako zarata harrigarria (The Jesus & Mary Chain, esaterako) maite dut bihotzez: diskoak labadora martxan jarrita grabatu balituzte zen, baina akople guztien azpian zetzan melodia, gaztetasunaren eta indarraren arnasa bizia zen. Sam Cooke entzuten dudanean, zuzenean Harlem Square Club-etik, ni jaio baino lehenago grabatutako diskoan, areto urrun hartako izerdiaren beroa senti dezaket autoan noanean. 18 urte neuzkala, German Coppini edo Morriseyren eskutik ikasi nituen hitzak gogoratzen ditudanean, pentsatzen dut ez dela poesia hoberik inon idatzi.

Zaila egiten zait sinestea ni naizela musika klasiko aspergarri hori gorroto duen bakarra. Egiazki, ez dut inor konfidantzazkorik ezagutzen Donostiako Orfeoia ikustera joango zenik. Eta joan, joaten dira milaka lagun, baina XX.mendea ez da horiena. XX. mendea rokanrolarena da.

Luis Fernandez EGUNKARIA 99/XI/18