Urte gutxiren buruan, eskiaren ordezko bilakatu omen daiteke eski estazioetan, eta, egia esan, gero eta gehiago ikusten dira janzteko era bitxi hori duten elurretako surflariak. Goitik beherakoan abiadura ederra daramate, alde batera, gero bestera, eskuarekin elurra laztanduz. Malda handietan behera irristatzen dira, zapaldu gabeko elurretan suge itxurako marra dotoreak marraztuz. Bi oholetan eskiatzen dugunoi palillero deitzen digute, bastoiengatik noski, eta elurra zaila dagoenean, eskizale asko haiei begira geratzen gara, jaisteko duten erreztasunagatik edo. Hedapena Esan bezala, egia da eski estazioetan gero eta snowboard gehiago ikusten dela, adin ezberdinetako jendea, nahiz eta gehienak gazteak izan. Eskiak tradizio handia eta sendoa duen herrialde batzuetan ere dagoeneko kezkatzen hasiak dira, gehienbat gazteek duten oholarekiko grina horrekin. Eskiatzeko era berri horren atzean merkatu eta oihartzun zabala hedatu da urte gutxiren buruan. Hain kirol berria izanik, Naganon, 1998ko Neguko Olinpiadetan exhibizio kirol bezala erakutsi ziguten, Telemark eskia bezalako modalitate zaharrago batzuen aurretik. Snowboardak, beste eski moten antzera, bere estetika duela lasai esan daiteke, eta arropa merkatu zabala mugitzen du. Konpetizioa Beste eski oholekin bezala, snowboardak hainbat modalitate biltzen ditu bere inguruan: slaloma, dual slaloma, jaitsiera, freeride eta halfpipe deiturikoak besteak beste. Guztiok dakigu nola jokatzen den slalom bat, beraz, ez dugu ezer berririk esango. Binakako slaloma edo dual slaloma, jaisteko bi ibilbide berdin dituen slalomeko pista bakoitzean jokatzen da, eta bi jaitsieretan denbora txarrenak egiten dituena kanporatua geratzen da. Bi parte hartzaileak batera jaisten dira, eta, aukera berberak izatearren, txanda bakoitzean pistaz aldatzen dira. Jaitsiera ere guztiok ezagutzen dugu: ibilbide zehatz batetik nor azkarrago jaitsi. Freeride izenekoa, berriz, pertsonalagoa izan daiteke: jaitsiera batean bakoitzaren abilezia, dotoretasuna, salto eta maniobren zailtasuna puntuatzen dira. Aho bete hortz geratzeko modukoa. Halfpipe ingeleserako hitzak, tutu erdia esan nahi du, eta itxura hori dute modalitate horretako pistek. Bertan, ezker-eskubi hartzen dituzte bueltak, airean jauzi ikusgarri eta zailak eginez jaitsierak irauten duen bitartean. Eskiarekiko (des)abantailak Ez dakit eskiarekin alderatzea zuzena den ala ez, arras ezberdinak baitira biak. Eski estazioetan ibiltzeko orduan, ez diot desabantaila aipagarririk aurkitzen. Abantailak, ordea, bai, ikasketa prozesua errazagoa (omen) du, egun gutxitan (eskiekin ez bezala) estazioetako pista gehienak jaistea lor dezakegu, horrela gure eskiatzeko eran akatsak zuzentzeko aukera gehiago ditugu. Beste abantaila bat: eskiekin zailtasun handiko malda eta korridoreak jaitsi izan diren arren, egun ez dut ikusi kostra elurretan arazorik gabe jaisten duen eskiatzailerik. Snowboardarekin bai. ordea. Hala ere, elur mota hori pistaz kanpo soilik aurki daiteke. Mendian eskiatzea gogoko duenarentzat egon daiteke desabantailarik. Maldan gora oinez ekin behar zaio, eta elurretako raketarik gabe gogorra izan daiteke. Eski estazioetarako aproposa delakoan nago, betiere, honelako kirolei eskizaleok eman izan diegun pijo kutsua gaindituz gero. Akaso beste modalitateak jatorragoak dira? Beņat Azurmendi (99-1-8ko Euskaldunon Egunkaria) |