Erotikoagoa iruditu izan zait beti emakumezko baten oina takoi luzeekin jantzita biluzik baino. Niri ere takoiak gustatu egiten zaizkit. Plataforma artifizialik gabe ditudan oinetako bakarrak etxeko zapatilak eta igerilekuko txankletak dira. Zapatadendak ez zaizkit tentagarri egiten, baina jendeari oinetara begiratzeko ohitura badaukat. Beharbada, "nolako zapatak, halako pertsona" entzun izan dudalako noiz edo noiz. Zergatik hau guztia? Ba, neska japoniar gaixoak erotu beharrean daudelako atera berri diren oinetakoak direla-eta. Atuzoko izena dute modako botek eta 20 zm-ko plataforma erraldoiak. Asko eta asko dira eskaileretan behera erori direnak, auto istripua izan dutenak balazta garaiz ezin izan dutelako zanpatu, edo lurrean plaust egin dutenak antxintxika estropozo eginda. Txorkatila bihurritzea edo besoa apurtzea ohikoa bihurtu da neskatila hauen bizitzan. Baina berdin zaie. Esaten dutenez, "garrantzitsuena da, oinetako hauekin gizonezkoei sorbaldaren gainetik begiratzen diegula". Lagun batek Obsesion izeneko liburu zoragarria oparitu zidan behin. Zapaten historia kontatzen du koloreetako 1.000 argazki ederren bidez. Besteak beste, Lola Pagolaren zitak datoz: "Jainkosak ez dira zeruan bizi. Ez daude zutik, ez dira oinez ibiltzen. Jainkosak barre egin eta behatz txikia bezain liraina den takoien gainean kulunkatu egiten dira". Nik, haunditzen naizenean, Jainkosa izan nahi dut. Bitartean, takoiekin entrenatuko dut. |