Txita birtuala da, asmakizun japoniarra, ume askoren gogoko jostailu eta soziologo eta politikoen buruhauste bilakatu da. Bitartean jostailua banatzen duen konpainia urrez betetzen ari da. Japonian ia zortzi milioi ale saldu dira dagoeneko. Normala denez, Estatu batuetan ere tamagotchia (arrautzatxoa japonieraz) ederra egiten ari da. Hala ere, normalean gauza hauetarako zentsuduna izaten den herrian, Italian, jostailurik salduena Tamagutchia denean gaia kezkagarri bihurtzen ari da. Tamagutchia giltzatako bat bezalakoa da, baina askoz ere problematikoagoa. Kristal likidozko esfera batean txita bat agertzen da botoi jakin bat sakatuz gero. Txita txikia da eta zainketa ugari behar du. Janaria ere eman behar zaio, baina kontuz! ez pasatu elikadurarekin zeren hil baitaiteke. Berarekin sarritan jolastu behar da, baita garbitu txiza egiten duenean ere. Oso zainduta badago ere gaixo daiteke. Orduan botika bat eman behar zaio sendatzeko. Eskerrak txitak lo egiten duen zenbait ordutan egunean zehar! Loaldia eta gero bip-bip-ak hasten dira berriro. Ez zaio dena eman behar. Adibidez, deitzen badu deitzearren errieta egin behar zaio diziplina apur bat emateko. Tamagutchiek egunak edo asteak iraun ditzakete, baina guztiak salbuespenik gabe hiltzen dira. beraren berpizkundea antzeko txita bat da. Hala ere, beraren jabeentzat ez da kontsolamendu nahikoa. Orain dela gutxi, hamabost urteko neska batek kale erdian konortea galdu zuen bere tamagotchi hil zenean. Neskak bere lagunari utzi zion maskota eta beronek okerreko botoia sakatu zuen. Ondorioz, tamagotchi bizitza hobera pasatu zen. Neskaren erreakzioa gehiegizkoa irudi daiteke, baina badago tamagotchi hilerri bat internet-en monje budista batzuek sortuta. Bertan bost mila txita baino gehiago dago, jadanik. Italian, batzuen ustez maskota honek lagun diezaieke umeei animaliak maitatzen. Neurosikiatren ustez, berriz, joku satanikoa da. Izan ere txitaren heriotza pentsamendu obsesibo bihur daiteke. Diputatu berde batek industria ministroari jostailua merkatutik desagerraraztea eskatu dio. Bahiketa hau ezinezkoa izan da Italia osoko dendetan tamagotchi bat ere geratzen ez delako. |