www.santurtzieus.com

TAPIA ETA LETURIA

Tapia eta Leturia Band amaitu da, baina, nonbait, ez Tapia eta ez Leturia ez dira agortu. Bilboko Kafe Antzokiko azken konzertuaren biharamunean Pariserako bidean zen Xabier Leturia billabonarra, Imuntzorekin batera Euskal Etxearen ekitaldi batean jotzeko, eta, handik itzulita, Mixel CDucauxen disko berriaren grabaketan aritu da aste honetan. Adunan bizi da eta Billabonako Kutxa du eguneroko lantoki.

     Kazetaria. Azkartxo erretiratu da Tapia eta Leturia Band. Guggenheimeko inaugurazioan jotzeko aukera galdu duzue.
     Leturia. Ez dugu pentsatu mamotreto horretan... Egia esan, horrela egin dugu aspaldian pentsatuta geneukalako irailean erretiratzea.
  1. Aukeran non joko zenuke, Guggenheimen inaugurazioan, Urdangarinen ezkontzan edo Athleticen mendeurrenean?
  2. Berdin zait. Guk leku askotan jo izan dugu eta Euskal Herritik kanpora ere enbaxadoreen pankarta eraman izan dugu.
  1. Hiru ekitaldi horien artean ez duzu aukeratuko?
  2. (Barre algarak, erantzunik ez)
  1. Ero plantak egiten agertu zineten azken diskoan. Zein izan da zuen erokeria handiena?
  2. Erokeria guztiak azken ekitaldian agertu genituen, Kafe Antzokian. Desmadrea izan zen. Erokeriarik handiena, agurra.
  1. Orain zer? Maixa eta Leturia Band edo Alaitz eta Leturia Band?
  2. Tapia-Leturia eta gauza asko egiteko posibilitatea. Ez gara geldirik egongo.
  1. Triki-makailua omen da etorkizuna.
  2. Ez dut uste alderdi horretatik joko dugunik. Baina azken aurreko diskoan makailu pixkat sartu genuen.
  1. Erakutsi duzu panderoarekin jo daitekeela abesti heavy bat. Arin arin bat jotzeko gauza ote da AC/DC?
  2. Totalmente. Panderoa musika tresna da eta AC/DCkoak musiko oso onak dira.
  1. Kitarra elektriko batekin fandangoa?
  2. Perfektamente.
  1. Ordenadorez jo daiteke panderoa?
  2. Zientzia zehatzetan oso jantzia den lagun batek esaten du egin behar duela erremediorik gabe sinfonia bat matematikaren bidez.
  1. Musika tresnarik jotzeko gauza ez den lagun alfer bat pandero ikastaro batean hasi da, musika tresna errezena delakoan.
  2. Alferra baldin bada ez du joko sekula. Ordu triste asko sartu behar dira. Ordu asko jo.
  1. Zenbat pandero eramango zenituzke irla batera?
  2. Gela honetan bertan, ikusten duzun bezala, ehun eta gehiago ditut. Irlara bizitza guztirako joango banintz eta ondoan Joseba bezalako trikitrilari on bat izango banu, denak eraman beharko nituzke.
  1. Pandero hauek, soinua entzunez bakarrik, bereizten dituzu bata bestearengandik?
  2. Erdiak baino gehiago bai.
  1. Noren irudia tatuatuko zenuke zure panderoan? Kontuan hartu belarrondoko mordoa jasoko lukeela...
  2. Nik panderoa oso biguin jotzen dut. Bizi jo behar da, baina kolpe handiak jo gabe.
  1. Orduan, estimatzen duzun norbaiten irudia jarriko zenuke.
  2. Dudarik gabe.
  1. Gela honetan dituzun musika tresna guztiak alde batera utzita, zein objetu hartuko zenuke perkusioko tresna berritzat?
  2. Paperezko orri batetik aterako nuke musika, edo botila batetik.
  1. Bada objeturik bertatik musika atera ezin denik?
  2. Badira hotsik ateratzen ez duten gauzak, kable bat, adibidez, baina perkusioa edozein gauzarekin egin dezakezu.
  1. Eliza bat rock areto bihurtu dute Bilbon. Orduan, kanposantuan egin daiteke erromeria?
  2. Molestia handia ez dute hartuko barruan daudenak. Baina ez dakit leku propioena den.
  1. Galindok Atxagaren liburu bat irakurriko omen du kartzelan. Baina ez daki zer disko entzun. Proposatu bat.
  2. Militarra denez, gauza lasai-lasai bat. New age bat Juan Carlos Perezen diskoa, adibidez.
  1. Abesti bat bihartik aurrera epaituko dituzten Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kideentzat.
  2. Animo. Ez da abesti baten izena baina animoa ematen duen abesti bat eskainiko nieke.
  1. Kartzeleratzen badituzte baliteke kalean istiluak izatea eta zure lantokia, Billabonako Kutxaren bulegoa, erretzea.
  2. Gerta daiteke. Lehen ere bi aldiz pasa zaigu eta berriro gerta daiteke, bai.
  1. Hori zortea daukazuena billabonarrek: txirrindularitzako mundu txapelketako entrenamenduak ikusi ahal izango dituzue etxeko balkoitik.
  2. Baina, bestaldetik gu beti nola presaka eta korrika ibiltzen garen kotxean aurrera eta atzera, pentsatu egin beharko dugu noiz atera eta kotxea non utzi, bestela beti bezala berandu iritsiko gara leku guztietara.
  1. Ez dizut aukerarik emango Tapiari buruz laudoriorik botatzeko, baina bai esateko zertan ez duen erremediorik. Zer ez du sekula ikasiko?
  2. Puntualitatea. Ez dauka erremediorik.
  1. Epitafioa Tapia eta Leturia Band-entzat.
  2. Ez da nirea: rockero zaharrak ez dira sekula hiltzen. Arrazoi horregatik akaso, agian, egun batean berriro ikusiko gara eszenatoki batean. Seguru baietz.