www.santurtzieus.com

TXERTATUTAKO HAURRAK

GRIPEAREN KONTRAKO TXERTOA JASO AHAL DA JADA HEGO EUSKAL HERRIAN

Atzo hasi zen kanpaina EAEn eta Nafarroan gaur zabalduko da

Euskal Autonomi Erkidegoan atzo hasi zen gripearen kontrako txertaketa kanpaina, eta gaur zabalduko da Nafarroan. Aurtengoan ere helburu nagusia da 65 urtetik gorakoak eta gaiso kronikoak gaisotasun honetaz babestea, kasu horietan gripea arrisku handiko gaitza izan liteke eta.

Hego Euskal Herriko osasun zentru guztietan jada abian dira gripearen kontrako txertaketa kanpainak: Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) atzo zabaldu zen kanpaina, eta gauza bera egingo dute gaur Nafarroan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek urriaren 31rarteko epea izango dute anbulategian txertoa eskatzeko. Foru Komunitatean, aldiz, txertaketa kanpaina luzeagoa izango da, azaroaren 30era bitartekoa, hain zuzen ere.

Kanpainaren helburua, ohi bezala, gripearen hilkortasun tasa gutxitzea da, eta horretarako gaisotasun horrek modu arriskutsuenean jotzen dituen pertsonak babestea: 65 urtetik gorako gizon-emakumeak eta gaisotasun kronikoak dituztenak. Osasun arduradunek gripearen kontrako txertoa hartzea gomendatzen die bronkitisa, diabetea, kardiopatia, eta gibel eta giltzurruneko gaisotasunak dituztenei. Azido azetilsalizikoa hartu ohi duten gaisoaldi luzeko haurrek eta hemoglobinopatiak dituztenek ere hartu beharko lukete txertoa. Horrezaz gainera,zainketa bereziko, dialisi, onkologia eta neumologia unitateetan lan egiten duten osasun profesionalei ere egin diete gomendio bera, baita zaharren egoitzetako langileei ere.

Gripearen kontrako txertoa hartzea zenbaitetan kaltekoa ere izan liteke, ordea. Arraultzak kalte egiten dien pertsonentzat ez da gomendagarria txertaketa. Sukar eraso gogorra dutenei ere kalte egin diezaieke txertoak, eta sukarra jeitsi arte itxaron beharko dute. Nolanahi ere, txertaketari buruzko dudak argitu eta eurentzat komenigarria den edo ez jakiteko osasun profesionalengana jotzeko gomendioa egin nahi izan dute erakundeetatik.

Arrisku taldeko ahalik eta pertsona gehien babestu EAEn 124 miloi dosi prestatu dituzte aurtengo kanpainarako. Horien guztien bitartez, 65 urtetik gorako herritarren % 95engana iritsi nahi dute eta arrisku taldeetako gainontzeko ahalik eta pertsona gehienengana. Nafarroan, aldiz, arrisku talde ezagunetako %70 babestera iritsi nahi dute. Osasun profesionalen % 75 ere txertatu nahi dute.

Euskaldunon Egunkaria