www.santurtzieus.com

TXIMELETA EFEKTUA

Ekologoen artean ibili badabil gutxi gorabehera honela dioen esaldia: "Tropikoetako tximeleta baten hegokadak EEBBetako hurrengo hilabeteetarako klima aldaraz dezake". Tximeleta efektua esaten zaio eta, nolabait, natura osotasuna dela eta guzti-guztia elkarri lotuta dagoela adierazi nahi da.

Alboko efektu hori ez da ohizkanpokoa. Eskuarki, teknologia jakin berri bat abian jartzen denean, aurreikusi gabeko ondorioak agerrarazten dituela erabilerak. Idatzita dago, antza.

Ring! Ring!, telefonoak jo du. Jakako poltsikoan eskua sartu, telefonoari oratu eta belarrira hurreratu dut. Gero eta usuago egiten dugun keinua. Alta, keinu horrek astronauten bizia arriskuan jar lezake laster.

Zer ba? Irakurleak sinesgogor. Telefono higikorren belaunaldi berriaren kariaz. Orain gogaitzen gaituzten horiek "mendien edergarri" jarritako errepikagailuetara bidaltzen dute seinalea eta horien bidez iristen zaio hartzaileari. Tartean, kontinenteen arteko lotura nahi denean, sateliteak baliatzen dira. Hortaz, satelite gutxirekin mundu-mailako hedadura lortzen da.

Atzen belaunaldiko sakelako telefonoak, aitzitik, zuzen-zuzenean konektatzen dira sateliteekin. Ermutik Eibarrera deitzean satelitetik igarotzen da seinalea. Orbitan 70 bat satelite ipinita mundu-mailako hedadura lortzen da. Horretan dabil oraintxe Iridium enpresa. Eta atzetik hiruzpalau gehiago jarraituko zaizkio. Satelite-sarea merkea izatearren, sateliteak "erabili eta bota" motakoak izango dira eta bi urtean behin aldatu beharko dira. Usatutako sateliteak zabor espazial bilakatuko dira eta Lurraren orbitan metatutako zabor kantitatea biziki emendatuko da. Eta zabor metalikoa arriskua da espazioan.

Zer egin? Inoiz ez debekua. Protokolo ekologiko bat bultzarazi beharko litzateke espazioan ere, besteak beste satelite-kopurua mugatuko lukeena eta hondakinak minimizatzeko bideak landuko lituzkeena. Izan ere, satelite bidezko telefono-sarea oso ekologikoa izan daiteke Txina bezalako estatu handietan, paisajea errepikagailuz jostea baztertuko bailuke.

Iņaki Irazabalbeitia EGUNKARIA 99/II