Atal honi izena ematen dion hegaztia artegatsu dabil azken aldi honetan: bere habia astinaldia pairatzekotan omen dago, eta oso litekeena da arraultza tolot zenbait lurraren kontra lehertzea, eta aurki. Kontua zera da, Lakuaren berriztatzeak isla izango duela cosa nostra-n, eta badirudi Ardanza ez dela erretiroa gozatuko duen bakarra izango.Noraino ote metempsikosia, geroak esango, baina Iurretan nahiz Miramonen "partitzeko tenorea"gero eta ozenago entzuten da goi bulegoetan. Egia esan, sartuko den balizko ekipoak nekeak izango ditu oraingo klikak baino telebista pedestreagoa lortzeko, hainbesteraino apaldu baitute azken urteotako maila. Ongi joan. Eta talde berriarentzako ongi etorri gisan, hona urteetan basamortuan predikatutako ideia batzuk. Bikoizketa dela eta, adibidez: Mogambo filma mundu zabaleko edozein TB-tan ikusi, eta Ava Gardnerrek ingelesez hitz egingo dizu, oso berea zuen hegoko ingelesez, jakina. Pantailaren azpialdean, bertako hizkuntzara egokitutako mintzoa, portugesez, arabieraz edo serbokroazieraz, hala egin ohi baita filmaren jatorrizko hizkuntza eta ematen ari diren herrikoa bat ez diren guztietan. Guztietan... Espainian izan ezik; eta barregarriago dena, zenbaitetan soinu bandak ere itzultzen dira! Eta gurean onak gara gero espainolei kopiatzen. Horrenbestez, Ingrid Bergman toka eta noka euskaldundu dugu, hori bai, aurrekontu laurdenarekin. Kaixo Rick. Eta hona galdera: ez al litzaiguke hobeto aterako jatorrizko bertsioan ematea film guztiak? Hasteko, audientzia igoko litzateke, eta ez gutxi; pentsa zenbat erdaldun bilduko liratekeen Blade Runner egiazkoa ikustera. Euskaldunok, halaber,-espainieraz ez- beste hizkuntzetan gehiago jantziko ginateke...eta merkeago da film bat azpititulatzea bikoiztea baino. Askoz ere. Ikusten? Kopiatzaile ona izateko nori kopiatu jakin behar da, nola bezainbat bederen. ETBren orain arteko jarduera, ordea, Espainiako kateei plagiatzea izan da, ikusle sofrituaren kaltetan. Zer da bestela Sikofonia, Crónicas Marcianas eta Mississipi zenaren arteko turmixa baizik? Denok dakigu Hamaika korapilo-ren egiazko izena: El programa de Ana kandorosoa. Jadanik ikusia, zenbaitetan modaz pasatzen hasia, hiztunen komunitatearen tamaina murritzago izanik, eta aurrekontua ere frankoz murritzago; hau guztia eta konplexu baskongado-rurala, eta badugu ETBko saio tipikoa. Eta hizkuntza komunitatea dela eta, azken oharra: Todo por un sueño eta abarretan Espainia hartzen dute berezko eremutzat. Aljecirasera deitu eta hango bati ziria sartu... Euskarazkoetan, berriz, probintziatik kanpokorik ez da dokumentaletan baizik agertzen. Eta izan badira, eta zenbaitek badute zer esanik. Neu ikusia naiz. Hainbestenarekin, etorki zaren ekipo horri: ez bazara saio guztiz berririk asmatzeko gauza, ez zuzendu begiak betiko hegora, munduan besterik bada eta. Zorionez. Sara Lostau EGUNKARIA 98/XII/15 |