Gaur egungo gerretan umeak dira hildakoen erdia ia. Baina umeak hiltzaile ere badira batzuetan, borroka armatuetan soldadu bihurtzen dituzte eta. Munduan 18 urtetik beherako 300.000 soldadu inguru daude. 1989ko Nazio Batuetako Batzar Orokorrak 15 urtetan finkatu zuen soldadutzarako eta gerrarako gutxieneko adina. Eta, konbentzio horretan babestuta, estatu askok hartzen dituzte adoleszenteak armadarako, besteak beste Estatu Batuek. Aurtengo urtarrilean Nazio Batuetako aditu-talde batek aztertu zuen gutxieneko adin hori 18 urtetara igotzea. Baina sei estatuk -Estatu Batuek, Britainia Handiak, Israelek, Pakistanek, Hego Koreak eta Kuwaitek- ez zuten ontzat hartu adin hori. Dena den, aurten, azaroaren 20an, Umeen Eskubideen Konbentzioaren 10. urteurrena ospatzen da. Zenbait gobernu eta GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde) jo eta su ari dira aldaketaren aldeko kanpainan. Baliteke egun horretarako aurrerapausoren bat egitea. Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundea nabarmentzen ari da ume soldaduen kontrako kanpainan. Interneten daukaten webgunetik txosten baten zatia ekarri dugu hona. Hauxe: Zergatik militar bihurtu umeak?
SOLDADUTZARAKO ETA GERRARAKO GUTXIENEKO ADINA:15 URTE (Quo aldizkaritik hartu eta moldatua) |